Electrogaia jai elektronikoa egingo dute aste bukaeran Arrasaten

Larraitz Zeberio Lekuona 2014ko uzt. 16a, 11:16
Iñaki Cerqueira Kirrin Electrogaia jaialdian izango da.

Egubakoitzetik domekara euskal DJ ugari elkartuko dira Arrasateko Santa Marina auzoan.

Tekno, house, tech house, minimal, deep... soinu elektronikoaren jarraitzaileek hitzordu garrantzitsua dute aste bukaeran Arrasaten. Aurreko urteetan moduan Santa Marina auzoa izango da elkargunea, eta  egubakoitzetik domekara bitartean euskal panoramako DJ onentsuenak gerturatuko dira bertara.
Musika elektronikoaren barruan ere askotariko proposamenak daude; klasikoagoak, organikoagoak, esperimentalagoak... Electrogaia 2014 jaialdia erakusleiho zabala izango da, eta nork bere gustua egiteko aukera izango du, hala musikariek nola jarraitzaileek.

Antolatzaile lanetan diharduen Aldapak aditzera eman duenez jaialdiaren helburuak hainbat dira: "Musika elektronikoaren esentzia zabaldu eta proposamen artistiko ezberdinak ezagutzera eman. Tartean, nola ez, bertako artisten lana ezagutzera ematea".

DJ zerrenda luze batek osatzen du Electrogaia 2014 jaialdiko egitaraua; 35 proposamenetik gora eskainiko dituzte Arrasaten aste bukaeran. Izen garrantzitsuenen artean nabarmentzen dira, esaterako, Iñaki Cerqueira Kirrin, Imatxilaut edo Alain Elektronische.

Debagoienean ere bada musika elektronikoarenganako interesa eta jaialdian parte hartuko duten artistei dagokienean aipatzekoak dira beste batzuen artean, Daniel, Erkorek Liher, Iban Arce, Maik-On, Nakato Nakas, Jack D Dani, DJ Elektit, Djarmen, Irraghoreound edo Asier Galiano.

Jaialdiaren egitura

Hiru egunerako egitaraua gertatu dute antolatzaileek; egubakoitzetik domekara bitartekoa. Punk kontzertuak iragarri dituzte egubakoitzerako, jaialdiari hasiera emateko. 17:00etan hasita, Aramaioko El Exterminio de la Raza del Mono taldea, Aretxabaletako Krisis taldea, eta Arrasateko Kadena Perpetua, Repelencia, Transgresion eta WC taldeak izango dira protagonista Santa Marinan. Gero etorriko da festa elektronikoa.

Hala, musika elektronikoak zapatuan izango du benetako protagonismoa. Eguerdian hasiko dira emanaldi ezberdinak eta antolatzaileek aurreikusten dute festa goizaldera arte luzatuko dela; 06:00ak arte inguru.
Ez da urruti ibiliko, izan ere makina bat artista daude iragarrita musika elektronikoaren jaialdi honetan. Santa Marina auzoan egingo dira ekitaldi guztiak, eta antolatzaileek barra zerbitzua ere antolatu dute. "Udalaren laguntza izan dugu eta eszenatokia eta txosna ipiniko ditugu aste bukaerarako", esan du Aldapak. Ez dute sarrerarik kobratuko.

Performance bisuala

Zapatuan, zuzeneko musika saioekin batera instalazio artistiko berezia egongo da ikusgai Santa Marinan. Elorriotik dator proposamena eta Summum Art proiektuko burua den John Frazierrek sinatzen du. Ezer gutxi jakin dugu ikusgai egongo den instalazioaren inguruan: artistikoa, berritzailea eta ikusgarria izango dela. Baliabide teknologiak, soinu berriak eta lengoaia digitala uztartzen ditu Frazierrek bere muntaietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak