Domekan PSOEren Idazkari Nagusia aukeratzeko barne-hauteskundeekin emaitzarekin pozik?
Emaitza ezin atseginagoa izan da. Militanteen zuzeneko botoa jasota, agerikoa da, alderdi sozialista bera atera dela irabazle. Historian lehenengoz eman da boto zuzena Idazkari Orokorra aukeratzeko. Prozesu garbia izan da eta, uste dut, alderdi askok begiratu beharko lioketela, demokrazian gauzak zelan egiten diren ikusteko.
Arrasateko sozialisten agrupazioan zein izan zen emaitza?
Alde oso handiarekin Pedro Sanchez izan zen bozkatuena.
Izan dezake zuzenean emaitza horrek eraginik maila lokalean?
Ez du zertan. Militanteek askatasunez aukeratu dute egokien iritzi dioten aukera. Hortik ondorioztatzen dut nik guztiok gaudela idazkari berriarekin bat.
Antzerako prozesuari ekingo diozue aurki Euskadi eta probintzia mailan. Zenbait hautagaitza ofizialen berri badugu jadanik. Zer iritzi?
Prozesu ia paraleloa izango da. Euskadin ez-ohiko kongresua egingo dugu, Patxi Lopezek dimisioa aurkeztu zuenez. Idoia Mendiaren hautagaitza jakina zen, agrupazio guztien idazkari orokorrekin batzartu baita hautagaitza aurkeztu baino lehenago. Gipuzkoa mailan Iñaki Arriola atzera ere aurkeztuko da.
Arrasateko agrupazio lokalak joera berezirik badu baten ala bestearen alde?
Nork bere aukera dauka. Nik baten ala bestearen alde egin gura duen militanteari esango nioke egin dezala kanpaina, dagokion moduan. Agrupazioek, kolektibo bezala, ez dute kanpainarik egiten, ezta exekutibek ere. Pertsona indibidualak hautagai batekin lerrokatzen dira eta pertsonaren arabera da kanpaina.
Zuk, pertsonalki, egingo duzu inoren alde?
Arrasateko agrupazio lokaleko idazkari orokor legez, ez dut inoren aldeko kanpainarik egingo, noski. Paco Gartziak, indibidualki, egokion deritzon horren aldeko kanpaina egingo du.
Nor den esaterik ez?
Ez, oraingoz. Esan diezazukedana da Gipuzkoan orain hautagai bakarra badago ere, gehiago egongo baziren, nire kanpaina Arriolaren aldekoa izango zela, artean ere. Idoia Mendia babestuko dut baita ere, pertsonalki.
Gipuzkoa eta Euskadi mailako emaitzen kasuan, horiek izango lukete eraginik Arrasateko agrupazioan?
Inondik inora. Maila guztietan gure arduradunen aukeraketan gabiltza eta horrek ez du eraginik maila lokalean. Agrupazioetan hautagai baten ala bestearen aldekoak egon litezke baina behin prozesua amaitutakoan, orduan bukatzen da. Niri dagokidanean behintzat, aldezten dudana aldezten dudala, aukeraketaren bezperan irabazlearen alboan egongo naiz.