Galarrixako ibilbidean 'Loramendi'-ren istorioa eta jaiotetxea ezagutu dute

Maider Arregi 2014ko uzt. 13a, 17:51

Bedoña auzoko Loramendi elkarteak, 50 urte beteko ditu uztailaren 31n. Ospakizunetan murgilduta daude auzotarrak; hala, goizean Galarrixako ibilbidea egin dute auzoko toki berezi eta esanguratsuak ezagutzeko. Ez da baina edonolako ibilbidea izan. Bisita gidatua egin dute auzoa sakonago ezagutzeko.


Tartean, Juan Arana Ezpeleta, Loramendi, poeta eta idazlearen jaiotetxera, Mendibutzu baserrira, joan dira. "Egun, Loramendi zenaren bilobak bizi dira etxe horretan. Arkua bakarrik geratzen da baina. Izan ere, oso egoera kaxkarrean zegoen erakina eta dena berritu behar izan zuten. Interesagarria dela deritzot elkartearen izena nondik datorren gogoraraztea gure auzoko gazteei ere", kontatu du Andoni Iñarra elkarteko lehendakariak. Ibilbidean barrena, toki ezkutuak ere ezagutzeko aukera izan dute. "Jende gutxik daki erra-lekua dagoenik Bedoñan. Bertan izan gara", dio Iñarrak.
Elkartearen gaineko balorazioa egiteko eskatuta, balorazioa positiboa dela dio: "Bazkide bezala hamabi urte inguru daramatzat. Ia ehun bazkidek osatzen dugu Loramendi elkartea. Elkarte txikia da eta umeekin lasaiago egoteko aukera daukagu. Auzotarren elkargunea da; bertakoen bilgune izateko asmoz sortu zen orain 50 urte-eta. Gainera, Bedoña batu kultura taldearekin adostuta, elkartea ere uzten diegu bertan ikastaroak egiteko, adibidez", azaldu du.


Elkarteak 50 urte

Uztailaren 31n, San Inazio egunean, elkarteak 50 urte beteko ditu. Hala, hilaren 20an, domekan, Goikobaluren emanaldiaz gozatzeko aukera izango da mende erdia ospatzeko. Bedoñako elizan 12:30ean egingo dute emanaldia Goikobalu Abesbatzakoek. Ondoren, luntxa ere egingo dute auzokoekin batera ospakizuna borobiltzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak