Dantzagela: Arizmendi ikastolaren eta dantzaz konpainiaren laborategia

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko uzt. 10a, 19:00

Dantzagelako irudi bat.

Dantzaren bitartez ikasgelan lantzen diren askotariko ikasgaiak lantzea du helburu, Dantzagela laborategiak. Proposamen hori egin zieten Dantza konpainiakoek Arizmendi ikastolakoei iazko ikasturtean, ikastolaren ezaugarriak oinarri hartuta (besteak beste, hainbat herritan eta gunetan banatutako Lehen Hezkuntzako ikasleak izatea) esperientzia pilotua abian jartzeko toki aproposa zelakoan.

Hezkuntza formala eta ez-formala txertatzeko aukera paregabea ikusi zuten ikastolakoek eta horrela abiatu ziren dantzarien abentura berrian, Lehen Hezkuntzako 5.mailako 9 ikasgeletako 200 ikasle eta horien irakasleak. "Hasieratik erakarri gintuen proiektuak, dantzari profesionalak izateaz gainera, gure ikastolaren helburuekin bat zetorrelako. Firi Fara egitasmotik ezagutzen genuen elkar. Artelekun zuten egoitzako bileretan marraztu genituen hasteko, egitasmoaren lan ildoak; irakasleekin landu genituen gero Dantzazekoen Naufragoak ikuskizuneko osagaiak eta horiek ikasgaietan txertatzeko moduak; ondoren, hiru astetan dantzariak etorri ziren lau gunetara (Arimazubira, Gazteluondora, Santa Teresara eta Almenera) ikasleekin koreografiak lantzera eta borobiltzeko, ekainean erakutsi zuten ikaskideen eta irakasleen aurrean, Naufragoak ikuskizunaren euren bertsioa" azaldu du Gari Ibarzabalek, Arizmendiko hezkuntza ez formaleko arduradunak.

Kantuak ikasgai bihurtuta

Sarrionandia idazlearen lanetan sakontzeko aukera izan dute Dantzagelan, idazle horretan oinarritutakoa da-eta, abiapuntu izan duten Naufragoak lana; horrez gainera, askotariko euskal musikarien abestiak ere, ikasgai bilakatu dituzte. "Ruper Ordorikaren Hiriak abestiaren aitzakian, munduko hiriak ezagutu zituzten; Hondamendia kantuarekin, berriz, parean tokatu zitzaigun eta gure ikasle askok ere etxean bizi zuten Fagorren krisia lantzeko baliagarria izan zitzaigun; euskara ikasgaian literatura lantzeko beste bide batzuk ere zabaldu zizkigun... egia esan hor ikusi dugu guk benetako aberastasuna" dio Ibarzabalek eta zera gaineratu du: " Liburuetako ikasgaiez gainera, bestelako formazioa ere jaso dute ikasleek oso feed-back ona izan duten dantzariekin. Oso dinamikoak izan dira tailerrak eta sormena lantzeko aukera ere izan dute ikasleek, koreografoen papelean bete-betean sartuta".

Datorren urtean bigarrenez

Gustura daude laborategian parte hartu duten bi aldeak jasotako fruituekin, beraz, datorren ikasturtean Dantzagela2 egingo dute, segur aski .hirugarren zikloko ikasleekin "Asmoa izango da datorrenenean 18 gelatako ikasleekin gauzatzea, maila bietako ikasleak elkarrekin nahastuaz" azaldu dute Arizmenditik.

Asteburu honetan Lekeitioko 25. Antzerki Jaialdiaren barruan, hondartzan estreinatuko duten Itsaslaboa. Txoriak zoroen itsasoa lana izango dute abiapuntu. Hori horrela, besteak beste, eromena, osasun mentala eta askatasuna kontzeptuak aztertuko dituzte, laborategian parte hartuko duten ikasle eta irakasleek

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak