Ohitura den bezala, zuriz jantzita joan dira, eta zapi gorria lepoan zutela. Entzierroa hasi aurretik, San Fermini kantatu diote; udaleko balkoitik suziria jaurti dute eta haurrak korrika hasi dira zezenen aurrean. Begiraleek gidatutako zezenen aurrean ausart ibili dira gazteak.
Bi entzierro egin dituzte; lehendabizi txikienek egin dute korrika lau zezenen aurrean, eta ondoren gazteen txanda izan da. Iturriotz kaletik abiatu dira eta, Ferrerias kalea igaro ondoren, Herriko plazara itzuli dira.
Txikienek eurek egindako maskarak ere izan dituzte, zezen itxurakoak. Entzierroan korrika egin ondoren, plazan bildu dira eta taldeka banatuta hamaiketakoa egin dute.