Motor zarata eta goma erre usaina, auto klasikoen erakusketaren ostean

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko uzt. 6a, 18:17

Elgoibar, Eibar, Bilbo, Azpeitia, Markina... Toki ugaritako 40 auto izan dira ikusgai Markuleteko industria gunean, domeka goizean. Besteak beste, auto hauek ikusi ahal izan dituzte bertaratutakoek: Corvette Stingray, Porsche 944, Caterham, BMW M3, Hurtan, Citroen Tiburon DJ3, Lotus Eliseo, BMW 850i, Lance Integrale, Jaguar, Renault R5... Auto klasiko ugari izan dira erakusketan, baita bestelakoak ere. Arratsaldean, berriz, 30 pilotuk hartu dute parte industria gunean egindako zirkuituan. Ikusle ugari izan dira irristatzeak eta horrelakoak nola egiten zituzten ikusten, eta motor zarata burrunbatsuak eta gasolina eta goma erre usain sarkorra izan dira arratsaldeko jaun eta jabe.

Bertan izan da, esaterako, Formula 3n lehiatzen den Igor Urien pilotu abadiñarra. Urien iaz hasi zen Formula 3ko Kopa mailan lehiatzen eta aurten lasterketa bat korritu du Maila Handian. Bere Dalara F312a autoa ikusgai izan da Markuleteko industria gunean eta ikusmin handia sortu du ikusleen artean. Toyota motorra dauka, 2.000 zentimetro kubikokoa, 240 zaldi ditu eta 500 kilo pisatzen ditu autoak. Orain automobilismoaren ibilbidean aurrera jarraitzeko aurrekontu bila dabil eta esan du eskertzekoa dela babesleek egindako esfortzu guztia. Pilotuek euren artean hitz egiteko aukera ere izan dute ekitaldian eta azaltzen zutena da babesleak izatea, eurendako, kasu askotan, "ezinbestekoa" dela aurrera jarraitu ahal izateko. Arratsaldean lagun batek utzitako autoarekin egin zuen lasterketa Igor Urienek.


Bestalde, Gernikako Inhar Arrien pilotua ere izan da. 21 urte ditu eta kopilotu lanetan aritzeko 15 urte dituen Eneko Fuentes ekarri zuen. Hura da lasterketan parte hartu dutenen artean gazteena. BMW E36 autoarekin lehiatu dira. "Zoritxarrez, ez dira horrelako lasterketa asko antolatzen", azaldu zuten gernikarrek eta gustura ibili dira, "giro onean". Iñaki Alberdi eta Jon Zallo Etxebarria pilotuek ere hartu dute parte lasterketan. Jendetza erakarri du lehen aldiz ospatu den ekitaldiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak