Alexander Molina: "Gazteengana hurbildu eta aldarrikapen politikoa suspertu behar dugu"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko uzt. 7a, 00:00
Alexander Molina.

Nikaraguan jaio arren, Bergaran bizi da egun Alexander Molina (Managua, 1989) eta asteon hartu du konpromisoa gazte sozialisten Arrasateko idazkari orokor berria izateko. Astelehenean egin zuten herri mailako batzarra eta hura izendatu zuten idazkari orokor. Azaldu duenez, gazte arrasatearrei laguntzea izango da bere lehen helburua.

Pozik kargu berriarekin? Ilusioz?

Ilusio handiarekin hasi naiz, lan egiteko gogo handia daukat. Gazteendako aukera eta baliabideak oso eskasak dira gaur egun eta horri aurre egiteko aktiboki parte hartu gura dut, guztia aldatzea posible izan dadin.  

Ze helburu markatu dituzu?

Gazteen artean aldarrikapen politikoa suspertu gura dugu. Ez bakarrik nire alderdi politikoarekiko, baizik eta orokorrean. Gazteen politikarekiko mesfidantza eta abstentzioa oso nabarmenak dira, eta, neurri handi baten, gauzak gaizki egin ditugulako da hori. Hori guztia aldatu gura dugu; euskal gazteek jakin behar dute euren baldintzak hobetzeko lan egingo dugula beti. Gazteengana hurbildu behar dugu eta euren kezkek benetan arduratzen gaituztela erakutsi.  

Nola egiten da hori? Nola gerturatuko zarete Arrasateko gazteengana?

Pentsatu dugu zenbait hitzaldi ematea. Hasteko, gure burua ezagutzera emateko balioko dute hitzaldi horiek, eta, era berean, bertaratzen diren gazteen kezkak entzungo ditugu, lana nola egin behar dugun erabakitzeko.

Ezagutzen duzu Arrasateko gazteek bizi duten errealitatea?

Bergaran bizi naiz, eta, nahiko gertu dudanez, gainetik ezagutzen dut zein den Arrasateko errealitatea. Hala ere, informazioa jasotzen nabil oraindik; badakit jakin gazte arrasatearren egoera zaila dela. Gainera, orain are zailagoa  da, besteak beste, Fagor Etxetresnen krisiaren ondorioz. Bestalde, Arrasateko alderdikideak aurkeztu dizkidate; hala ere, oraindik harremana sendotu behar dugu.

Ez dira garai onenak alderdi sozialistarendako. Zer duzu esateko horren aurrean?

Argi eta garbi. Alderdiak garai zailak bizi ditu, hori ukaezina da. Haize freskoa behar dugu alderdi barruan, baina ez naiz Espainia mailako aldaketez ari. Arrasaten bertan, azken urteetan apenas egon da mugimendurik gazte sozialisten artean eta orain jendeak ikusi behar du hor gaudela. Ez garela sekula herritarrez ahaztu, beti egon garela hor. Arrasateko alderdi sozialista biziberritu behar dugu, kalean bertan lan egin. Lan egiteko egoera aldatu egin da, terrorismoaren mehatxua gainditzen ari gara-eta; lehen baino askoz errazagoa da parte hartzea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak