Bizipozaren jaia Arrasatera etorriko da irailean

Jagoba Domingo 2014ko uzt. 1a, 19:59

Irailaren 21ean Irrien Lagunak Gizartegintzak Elkarteak, Udalak eta Arrasateko hainbat eragilek egindako elkarlanari esker, Bizipozaren jaia ospatuko da Arrasaten. Oraindik prestaketa lanetan badabiltza ere, magia, tailerrak, dantzariak, ipuin-kontalariak zein pailazoak egongo direla aurreratu dute.

Ane Piratak, Irrien Laguneko Gizartegintzako kideak aurkeztu du irailean egingo den jaia, Txatxilipurdiko Ainara Kortabarriarekin eta Kepa Urteaga kultura zinegotziarekin batera. Jaia bi gunetan egingo dela aurreratu dute; gune nagusia Biteri plazan jarriko dute, eta bestea Seber Altube plazan.

Gune nagusira sartzeko 5 euroko sarrera ordaindu beharko dute neska-mutikoek, gurasoak doan sartuko dira, eta dagoeneko Elkar dendetan eta Gazte bulegoan salgai daudela esan dute. Sarrera baina ez da edonolakoa, bururako zapi bat izango da, Ane Piratak aurkezpenean jantzi duena hain zuzen. Seber Altubeko gunea ostera, doakoa izango da eta bertan, besteak beste, puzgarriak jarriko dituzte.

Aurkezpenean Arrasateko hainbat eragileren ordezkariak egon dira; izan ere, Kortabarriak azpimarratu du herriko talde asko inplikatu direla eta aurrerantzean ere, beste talde edo norbanakoren batek laguntzea nahi badu ongi etorria izango dela. Bizipozaren jaia, "inklusibotasuna, elkarlana eta bizipoza bera" gurera ekarriko dituela azpimarratu du Kortabarriak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak