Eider Murgoitio, Joan Ander Azkoitia eta Ander Arizaleta ari dira buru-belarri antolakuntzan. Aurtengoa hirugarren aldia izango da: "Urte osoko txapelketa antolatzen zutenek nekatuta zeuden 24 ordukoa ere antolatzeaz. Beraz, eurekin harremanetan jarri ginen eta ez zuten arazorik ikusi. Esan beharra dago edozein zalantzaren aurrean eurengana jotzen dugula eta laguntzeko gertu egoten direla beti", adierazi du Arizaletak.
Txapelketa antolatzen hastearen arrazoia ekonomikoa izan zen, unibertsitateko proiektu baterako. Baina azken bi urteetan bestelakoa da helburua: "Jendeak eman digun feedback positiboaren ostean ondo pasatzeko antolatzen dugu. Futbol-zaleek eskertu egiten dute halako txapelketak antolatzea; gu horrekin geratzen gara".
Txapelketa eta kantxa berezia
Arizaletaren ustez "berezia" da kantxa: "Inguruan ezin daiteke halako txapelketarik aurkitu, lekuagatik bereziki. Zaldibarrek duen historia, harrizko pareta... Gainera, gazteak beteranoen aurka ikustea ederra da, badago belaunaldiz belaunaldiko transmisio bat". Beste bereizgarri bat ere badu 24 ordukoak, antolakuntza taldeko kidearen arabera: "Beste txapelketa batzurekin alderatuta, ez dago zertan jokalari ona izan behar; beroaldiak beroaldi, harreman ona da nagusi".
Hiru sari
Arauak Zaldibarko ligako berberak izango dira eta epaileak jokalariak eurak izango dira: "Normalean talde guztiek partidu kopuru bera arbitratzen dute". Hiru sari egongo dira: talde irabazlearendako, garaikurra, bildotsa, urdaiazpikoa eta gazta; txapeldunordearendako garaikurra, urdaiazpikoa eta gazta; eta jokalari onenarendako garaikurra. Ohi moduan, antolatzaileek barra bat jarriko dute edatekoekin eta jatekoarekin.