Arrasateko Udalaren adierazpen instituzionala 2014ko ekainaren 24 goizaldean emandako sexu erasoa dela-eta.
"2014ko ekainaren 24 goizaldean San Juan Jaietan txosna gunean emakume gazte baten aurkako eraso sexista bat eman da. Gertakari honen aurrean Arrasateko Udalak hurrengo adierazpena egin nahi du:
Emakumeen kontrako indarkeriaren edozein adierazpen gaitzesten dugu, dimentsio orotan (fisikoa, psikologikoa, sexuala, sinbolikoa…), baita sexismo mota oro ere, arinenak eta normalizatuenak barne, esaterako: sexuaren araberako rol estereotipatuak; neska eta emakumeen ikusezintasuna bizitzako hainbat arlotan, bigarren mailara zokoratuz; sexu eta ugalketa eskubideen ezeztapena; edota pertsonekiko diskriminazioa euren sexu-aukeraren edo genero identitatearen ondorioz. Eta batez ere emakumeen aurka ematen diren eraso fisikoak eta psikologikoak.
Eraso hauek emakume guztien kontrako erasoak dira, onartezinak direnak eta gaitzetsi behar direnak.
Ez dugu onartuko gure herrian emakumeen kontrako inolako erasorik.
Egunerokotasunean zein jaietan, emakumeok libre eta aske bizi behar dugu erasoak jasateko inolako beldur barik.
Honen aurrean, ezinbestekoa da Arrasateko Udalak eta beste herriko eragile sozialek gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren eta feminismoaren arloan borrokatzea.
Salatzen dugu; sistema patriarkalak duen eragina emakumeen bigarren mailako papera mantenduz eta biziki salatzen dugu zenbait instituziok, zenbait, alderdi politikok eta zenbait eragilek emakumeen kontrako diskriminazioaren aurrean beste alde batera begiratzea, egoera hau luzatuz.
Gertakari honen aurrean Arrasateko Udalak salatzen du emakume izate soilagatik eraso sexistak jasotzea eta bereziki gure jaietan emandako eraso sexista.
Gonbitea egiten diegu herritar guztiei, konpromiso pertsonalak eta kolektiboak hartzera, emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde, baita edozein indarkeria edo diskriminazio sexista gaitzestera ere.
Eta dei egiten diegu arrasatear guztiei gaur, ekainak 25, 20:00etan, txosnagunean egingo den kontzentrazioan parte hartzera".