Eguzkilaru eta herriko txikienen goiza izango da gaurkoa

Jon Berezibar 2014ko eka. 25a, 08:56
Iazko Umeen Eguneko une bat: Eguzkilaru, umeekin batera, makal txikia altxatzeko unean.

Txikitxoenak izango dira gaur jaun eta jabe sanjuanetan. Eguzkilaruri 12:00etan egingo diote ongi-etorria Biterin eta, arratsaldean, Pirritx, Porrotx eta kuadrila osoaren bisita izango dute Monterronen 19:00etan. Nagusiagoek, ostera, bapo jango dute gaur. Zeuk ein, zeuk jan bazkari herrikoi eta autokudeatua egongo da Maisu Aranon; 490 herritarrekin. Gauean, rock talde ezagunen txanda: Zea Mays eta Gatibu, txosnetan. [EGITARAUA]

Txikitxoen eguna

Herriko txikienen eta gurasoen eguna izango da gaur. Zalantza barik. Eguzkilaru arduratuko da horretaz eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen laguntza izango du. Gaztetxoendako jolasgunea egongo da 10:30etik Zaldibarren eta, umeagoentzat, Biterin. Eguzkilaruri 12:00etan egingo diote ongietorri beroa plazan eta neska-mutikoek makal txikia altxatuko dute plaza horretan. 13:30etan, apar-jolasak egingo dituzte. Apuntatu beharreko ordua, ostera, 19:00ekoa da: Pirritx, Porrotx eta Mrimotots Monterron parkera joango dira, neska-mutiko guztiekin jolastera.

'Zeuk eiñ, zeuk jan'

Atzo, askorentzat, bixamon eguna izan bazen, gaur atzera ere indarrak batu eta kalera ateratzea tokatzen da. Kuadrillen lehenengo zita herri bazkari berezia izango da. Arano Maisuaren kalean izango da, nork bere jana eroanda, bazkari berezia. Suak 12:00etan jarriko dituzte martxan, sukaldariek erabil ditzaten, eta 14:30ak aldera hasiko da bazkaria. Udalak sagardo kupela ipiniko du bazkaltiarrentzat. Aurrez izena emanda 490 herritar daude.

Kontzertuak

Eguna gaur ere oso goian amaituko da Kondekuan egingo den jaialdiarekin. Zea Mays eta Gatibu taldeek joko dute txosnetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak