Iker Zabalo: "Labaindu eta bete-betean harrapatu ninduen makalak; min handia gogoratzen dut"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko eka. 23a, 10:27
Iker Zabalo egun; Txile du bizileku.

San Juan bezpera da gaur, arrasatear gehienendako kutunena den jaietako eguna. Egitarauko ekintza klasikoenak gaur egingo dira, horien artean dago makalaren igoera. Gazte kuadrillak lehen jasoaldian saiatuko dira altxatzen (18:45, Herriko Plaza). Gutxitan, baina istripuak izan dira makalaren igoeran; larriena, seguruenik, 1996koa izan zen, Iker Zabalo arrasatearrari gainera erori zitzaionekoa. Txilen bizi da egun eta herriminarekin gogoratu ditu herriko festak.

Nola gogoratzen duzu une hura?
Akordatzen naiz euria egin zuela eta lainotuta zegoela. Putzuak zeuden. Kuadrillakoak ari ziren makala igotzen eta ni ikusle moduan hurbildu nintzen, euren ondoan nengoen. Bat-batean makala behera zetorrela entzun eta korrika egin nuen, baina putzu baten labaindu eta erori egin nintzen. Makalak bete-betean harrapatu ninduen. Berehala jende asko hurbildu zitzaidan eta gurasoak oso larrituta ikusi nituen. Min handia nuela gogoratzen dut; anbulantzia etorri eta ospitalera eraman ninduten. Gerora kontatu zidatenez, amandrea makala gainean erori zitzaidala enteratu zenean anbulantziaren atzetik hasi zen korrika. Hori da hori sasoia amandrearena! Kar-kar.

Zer hautsi zenuen? Denbora luzea behar izan zenuen osatzeko?
Makala saihetsen eta gerriaren artean erori zitzaidan; hor ubeldura handi bat izan nuen bi edo hiru hilabetez. Errebotez hankan ere kolpea eman eta peronea apurtu zidan. Eskaiolarekin hiru edo lau hilabete egon nintzen, baina eskaiola kentzerakoan, medikuak konturatu ziren ez nuela ondo zapaltzen eta belauneko lotailuak ere ukituta nituela. Hala, Biarritzera bidali ninduten plantilla ortopedikoak egiteko. Urtebete behar izan nuen ondo ibiltzeko, plantillei eta errehabilitazioari esker. Larrialdietako medikua nahastu egin zela uste dut; hasieratik operatuta lehenago errekuperatuko nintzen...

Udalak nola erantzun zuen?
Zaldibarko pilotalekuan egin zen herri bazkarira gonbidatu ninduten, eta han, nire sorpresarako, orduko alkate Xabier Zubizarretak lore sorta bat oparitu zidan. Asko poztu ninduen. Hala ere, kalte-ordainekin arazoak izan ziren. Hasieran eman behar zidaten diru kopurua baino gutxiago jaso nuen; aita asko haserretu zela gogoratzen dut.

Iker Zabalo gurasoekin, 1996ko jaietako herri bazkariaren ostean.

Nolako sanjuanak izan ziren 1996koak? Gozatu zenuen jaiez?
Ba, egia esan, ez. Ez ziren ohiko sanjuanak izan. Hanka eskaiolatuta nuen arren, kalera irten nintzen, baina berehala nekatu eta goiz joaten nintzen etxera.

Oraindik ere gertukoek gogoratzen dizute gertatutakoa?
Kuadrillakoek eta lagunek sanjuanak eta makalaren igoeraren eguna gerturatzen zirenean brometan esaten zidaten: "Zabalo, kontuz txopoarekin!", eta halakoak. Familiakoek, alderantziz, ez didate ezer esan izan. Seguruenik, egun hartan horren gaizki pasa zuten, nahiago izan dute ahaztu.

Ezer gaineratu gura duzu?
Besarkada bat guztiei, aupa Arrasate eta gora sanjuanak!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak