Gure Esku Dago ekimeneko bozeramaile Zelai Nikolasek herritarrei zorionak eman die ekainaren 8an izandako parte-hartzeagatik. Eta hiru arrazoi aipatu ditu: "Herri bat garela pentsatu dugu, geugan sinetsi dugu, gure esku dagoela sinetsi dugu, eta esandako egin egin dugu. Ez dugu giza katea bakarrik egin, bidea baizik. Eta bide hori elkarrekin egin dugu, konfiantzan eta pozik".
Elkarrekin
"Ekainaren 8koa, baina, urte guztian egindako lanaren zati bat izan da, izebergaren punta. Baina horren atzean daude: herriz herri sortutako konfiantza, lortutako aniztasuna eta helburua, erabakitzeko eskubidea izatea", gaineratu du Nikolasek,
Hemendik aurrera lanean jarraituko dutela ere gaineratu du: "Elkarrekin egin gura genuen, denak batu gura genituen, eta denak elkartzeko lanean segituko dugu. Horretarako, orain arte sentitutakoa lanabes bihurtu gura dugu eta indarberrituta, indartsu bueltatuko gara uda ostean".
Europako trenean
"Europan martxan jarri den trenari beste bagoi bat gehitu" zaiola ere aipatu du Nikolasek. "Eskozia lehenengoan, Katalunia bigarrenean eta Euskal Herria hirugarrenean. Irailaren 11n Diada eguna egingo dute Katalunian; 18an, berriz, erreferenduma Eskozian. Guk irailaren 13an abiatuko dugu ikasturte berria".
Ikasturte hasiera hori nolakoa izango den, zer edo non egingo duten pentsatzeko eta hurrengo pausuak zehazteko, taldeka batu dira batzar nazionalera etorri diren Euskal Herriko eskualde guztietako ordezkariak. "Hemen ideiak bota, horri buruz berba egin eta erabakitzen dena herri batzordeetara pasako da gero, lanean jarraitzeko", adierazi du Nikolasek. Arrasateko Gure Esku Dago taldeak egin ditu koordinazio lanak kideak taldeka bildu eta gela ezberdinetan banatzeko.