Kooperatibismoari buruzko bigarren jardunaldiak egin ziren egubakoitzean, Mondragon Unibertsitatearen Lanki Lankidetza Ikertegiaren eskutik. Kooperatibek egun bizi duten garai gorabeheratsua kontuan izanda, hitzordu garrantzitsua antolatu zuten, Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean. Tartean, Ignacio Ramonet kazetari eta gizarte- analistak hitzaldia eskaini zuen: Kooperatibismoa eta ekonomia solidarioa globalizazioaren erronken aurrean.
Goizean, hausnarketa eta eztabaidarako beta izan zuten bertaratutakoek. Bazkalostean, diploma banaketa egin zen; Garapen Kooperatiboko Aditu Ikastaroa egin duten ikasleek diplomak jaso zituzten. Ostean, Ramonetek hitzaldia eman zuen.
Kooperatibak munduari so
Kooperatiben egungo egoera izan zuen Ramonetek hizpide. Horiek sorreratik gaur egunera arte egindako ibilbidetik abiatuta, etorkizuneko egoera aurreikustera ausartu zen. Estatuak oinarri hartuta, Ameriketako Estatu Batuen beheranzko joera argia aipatu zuen, baita Ekialde Hurbileko egoera "zoroa" ere.
Mundu ikuspegitik landu zuen gaia, eta egungo gizartea jasaten ari den aldaketa geo-politikoa izan zuen hitzaldiaren abiapuntu. Izan ere, Ramoneten ustez, eta kooperatibismoaren ikuspuntutik, XXI. mendeko gizarteak aldaketa asko jasan ditu. Ondorioz, arlo horretan eragiteko estrategiak aldatzearen alde agertu zen aditua. Bere ustetan, kooperatibismoak badauka oraindik tokia jendartean, eta mundu mailan eraginkorra izan daiteke, baldin eta egokitzen jakiten badu.
Beharrezko ikusten du Ramonetek hausnarketa eraberritua: garaira egokitzeko moduko kooperatibismoa.
Egun osoko jardunaldiak
Kooperatibismoaren inguruan diharduten hainbat pertsonak hartu zuten parte jardunaldietan. Goizeko saioan, tokiko gaiak landu zituzten; Arrasateko esperientzia kooperatiboaren erronkak ikerketatik abiatu ziren.
Igor Ortega, Lanki Institutuko ikertzailea, izan zen hizlari, eta, ondoren, talde-dinamika bitartez, eztaidarako tartea egon zen, baita ondorioak ateratzekoa ere. Egitasmoa parte-hartzailea izan zen eta hausnarketara bideratua ere bai.