Berrikuntzarekin "konpromiso osoa" agertu du lehendakariak IK4-Ikerlanen 40. urteurreneko ospakizunean

Mirari Altube Arrese 2014ko eka. 18a, 20:15

IK4-Ikerlanek 40. urteurrena ospatu du gaur, ekainak 18, eta ekitaldian izan dira Iñigo Urkullu, lehendakaria eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, beste agintari batzuen artean. Biek ala biek azpimarratu dute berrikuntzaren eta ikerketaren garrantzia, eta era berean, Ikerlanek 40 urteotan egindako lana txalotu.

"Berrikuntzarekin konpromiso osoa dugu eta bidea elkarrekin egiteko prest gaude", esan die Urkullu lehendakariak 40. urteurreneko ekitaldian elkartutako kideei. Bertan izan dira Iñaki Aranburu, IK4-Ikerlaneko presidentea eta Javier Mendigutxia, zuzendari nagusia; Inazio Azkarragaurizar, Arrasateko alkatea; Arantza Tapia, Ekonomia, Garapen eta Lehiakortasunerako sailburua; eta euskal enpresa sarearen ordezkariak, unibertsitateetakoak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sare osokoak.

Baikor agertu da Urkullu, eta hiru arrazoi eman ditu horretarako: "Berrikuntzan eskarmentu handia dugu, horren froga Ikerlanen 40. urteurrena; berrikuntzak elkarlana eskatzen du eta horretarako prest gaude enpresak, unibertsitateak, zentro teknologikoak eta administrazioa; eta ausardiaz begiratu behar zaio etorkizunari eta hemen ausardia topatu dut, konfidantza ematen didan ausardia".

Hori horrela, berrikuntzarekin "konpromiso osoa" adierazi du eta bidea elkarrekin egiteko prest agertu.

Martin Garitano: "Gipuzkoa lurralderik lehiakorrena bada berrikuntzagatik da"

Gipuzkoaren lehiakortasunaren gainean jardun du, bestalde, ekitaldi berean, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak.

"Gipuzkoa, nahiz eta bateren bat saiatu begien bistakoa ukatzen, lurralde lehiakorra da, bere ingurunean lehiakorrena. Lehiakortasun hori bideratu dute Ikerlan bezalako zentroek kooperatiben alorrean, eta baita hainbat sektoretako enpresari taldek, unibertsitateek eta beste hainbatek sustatutako zentroek ere, Eusko Jaurlaritzaren eta Aldundiaren bultzadarekin" esan du Martin Garitanok.

Diputatu nagusiaren iritziz, "langileak eta ikertzaileak dira Gipuzkoa lehiakor honen bidegileak. Eta, noski, lurraldearekin engaiatu diren enpresariak. Aldundiak, alafede, elkarlana eta lankidetza eskaintzen dizkie enpresari horiei, produktu lehiakorragoak egin ditzagun eta merkatu gero eta zorrotzagotan saltzea lor dezagun. Gipuzkoaren izpiritua dugu hor, lagundu diguna epe luzeagoko ikuspegiarekin jokatzen eta, krisiaren gordintasunean, ikerketa eta garapeneko gastua ez saihesten. Jakin badakigulako, erakundeek eta enpresek, eutsi egin behar diogula indartsuagoak egiten gaituen lehiakortasuneko abantaila horri".

Eolo saria

"Zorionak zuei Ikerlanekoei, 40 urte bete dituzuelako, eta baita jaso duzuen Eolo sariarengatik ere. Sari horrek garbi erakusten du zein gaitasun handia duzuen haize-sorgailuen bezalako sektore hain konplexu batean. Aurrera jarrai dezazuen eskatzen dizue Gipuzkoak, erronkak gainditu ditzazuela, eta irtenbide teknikoak eskaini, gure enpresak lehiakorragoak izan daitezen" esan du diputatu nagusiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak