Giza kateko argazkiak Zeziagan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko eka. 20a, 13:08
Gure Esku Dagoko hiru kide gaur, Zeziagaren atarian.

Gure Esku Dago taldeak esker onak eman gura dizkie arrasatearrei azken hilabeteotan emandako babesagatik. Hori dela-eta, joan den ekainaren 8ko giza katean ateratako argazkien erakusketa zabaldu dute gaur goizean Gure Esku Dagok Zeziaga zaharrean daukan erakusleihoan. Erakusketa, Arrasatek giza katean hartu zituen hiru kilometrotako tartean ateratako argazkiek osatzen dute; herritarrak dira protagonista. Modu honetan, Gure Esku Dagok ekimen honetan herritarrek izan duten protagonismoa azpimarratu nahi izan du.

Ekainaren 8an egin zen Gure Esku Bidea ekimenean 3.500 arrasatearrek hartu zuten parte, eta horietatik 2811k zegokien metroa erosi zuten. Arrakasta hori ikusita, aste honetan eskerrak emateko gutuna kaleratu du Gure Esku Dagok. Gaurtik aurrera, testua Zeziagako eskaparatean izango da, argazki erakusketarekin batera. Erakusleihoa San Juanen ostean ixteko asmoa dute Gure Esku Dagokoek.

Gure Esku Dagok Arrasateko herriari idatzitako esker on gutuna:

ZORIONAK ETA ESKERRIK ASKO ARRASATE! ARGI DAGO, GURE ESKU DAGO!

Hainbat hitz erabil daitezke: ilusioa, elkarlana, mugarria, historikoa... Eta, era berean, ez dago hitz bakar bat azken hilabeteotan bizi izan duguna deskribatzeko. Arrasateko Gure Esku Dago lantaldeak idatzi honen bidez eskertu gura dituenen zerrenda amaigabea da. Zerrenda hain da luzea, guztiak aipatzera ez garela atrebitzen, ez dugu-eta inor kanpoan utzi nahi.

Martxoan aurkeztu genuen gure burua. Eta ordutik, ekainaren 8ko giza katera begirako beroketa ariketa guztiak izan dira arrakastatsuak: Herriko plazako argazki erraldoia, Erabagitteko Eskubidien Aldeko Arrasateko Adierazpenaren sinadura ekitaldia, Eskutik Eskura Egunean castellers-en laguntzarekin bizi izan genuen goiz ahaztezin hura, Zeziaga zenaren inaugurazioa...

Eta heldu zen ekainaren 8a, Durango eta Iruñea lotu zituen giza katea. Egon ginenon memorian geratuko den eguna, eta izerdiak izerdi, ederto irten zena. Aurrez egindako lan guztiak merezi izan duenaren gogobetetasuna eragin ziguna.

Aurreikuspen guztiak gainditu ditugu, kuantitatiboki zein kualitatiboki. Kopurua dago, batetik: otsailean, lantaldea sortu berritan, 1.500 metro saltzea zen gure erronka eta erronka latz moduan hartzen genuen orduan. Bada, ia bikoiztu egin dugu kopurua, 2.800 izan gara azkenean... ZORIONAK!!! Eta eman dugun jauzi kualitatiboa? Batzen gaituena ardatz hartuta, aspaldian Arrasaten ikusi ez den batasuna lortu dugu. Eta hau hasi besterik ez da egin, herritarrok garelako giltza, guztion artean egin behar dugulako bidea.  Erabaki dezagun zer izan gura dugun, igo gaitezen erabakitzeko eskubidearen aldeko trenera!

Arrasateko Gure Esku Dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak