Fagor Etxetresnetako, Edesako eta Grumaleko langileek onartu egin dute euren etorkizunaren gaineko akordioa

Leire Kortabarria 2014ko eka. 19a, 16:07

Fagor Etxetresnak.
Fagor Etxetresnetako, Edesako eta Grumaleko langileek ontzat eman dute administrazio konkurtsalarekin joan den astean lortu zen aurre-akordioa. Horren arabera, ordainsariak eta lanerako aukerak izango dira langile horiendako.

ELA eta LAB sindikatuek ordezkatu dituzte langileak negoziazio horretan. LAB sindikatuko ordezkarien arabera, hainbat batzar egin dituzte Fagor Etxetresnetako, Edesako eta Grumaleko langileek eta gaur goizean onartu egin dute joan den egubakoitzean sindikatuek eta administrazio konkurtsalak egin zuten aurre-akordioa. Administrazio konkurtsala gaur zen berau Donostiako Merkataritza-Epaitegian aurkeztekoa. Horren arabera, esandako hiru enpresetan jardun zuten 326 soldatapeko langileen kaleratze-EREa zehazten da. Langile horietatik 110 komertzialak ziren eta Espainiatik zehar egiten zuten lan; gainerakoek, Arrasate, Basauri eta Azpeitiko lantegietan.

Akordioak bi atal ditu: batetik, kalean geratu ziren langileendako ordainsaria finkatzen da; hain zuzen, legeak ezartzen duen 20 eguneko ordainsari minimoaz gain, gehigarri bat. Bestetik, Fagor Etxetresnen eta Edesaren ekoizpen-unitateak erosten dituenaren eskutik, enplegu aukerak, izan ere, jabe berriak egiten dituen kontratuen erdiak soldatapeko langile horien artean egin beharko dira, eta beste erdiak, bazkideen artean.

LABeko ordezkariek balorazio ona egin dute: "Uste dugu lan egin nahi duten denondako egongo dela aukera hori, izan ere, dagoeneko ez daude birkokaturik gabeko bazkide asko, eta jabe berriak daudenean, enplegu aukerak egongo dira".

Eusko Jaurlaritzari bultzada eskatzen diote

Are gehiago: langileen ordezkari horien iritziz, "Basauriko eta Azpeitiko lantegiek ere etorkizuna dute" eta horien aldeko jarrerak eskatzen dizkiete erakunde publikoei, batez ere Eusko Jaurlaritzari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak