Hasteko, Nerea Artolak egin die harrera, beheko solairuan, sarreran. Eta horrenbeste ume batu direnez, talde bi egin dituzte: batzuek lehenengo solairuan hasi dute bisita eta besteek, behekoan, telebistan. Talde bati egin diogu jarraipena, eta bukaeran, guztiok batera atera dute talde-argazkia.
Lehenengo solairuan, batzar gelak eta jangela ikusi dituzte, eta Goienako lankideekin berbetan ere ibili dira.
Horren ostean, bigarren solairura igo dira, erredakziora. Han, lehenengo, Goiatz Aranarekin egon dira; Goiena.net-en nondik norakoak azaldu dizkie, eta umeek adi-adi jarraitu dituzte Aranak esandakoak. Beste batzuk, berriz, Txomin Madinaren mahaiaren inguruan ibili dira, haiek ere Goiena.net-en saltseatzen.
Iñaki Iturberen txanda iritsi da gero. Goiena paperaren gainekoak azaldu dizkie hark: zein den kazetarien lana, zelan antolatzen duten Goiena papera, zelan lotzen dituzten orri guztiak, non inprimatzen diren... Umeek eurek hainbat galdera egin dizkiote Iturberi. Jakin-mina.
Merkatari edo publizitate sailaren txanda izan da horren ostean. Mireia Larrañagak azaldu die umeei nola egiten duten lan Goienako merkatariek, zelan lortzen duten publizitatea, non kokatzen den Goiena paperean-eta...
Gero, telebistara jaitsi dira, beheko solairura, beste taldea irratian zegoen bitartean. Hori gustatu zaie gehien Goienatik, duda barik. Batez ere, platoan sartzea eta euren burua telebistan ikustea. Jone Inuntziagak egin ditu gidari lanak.
Eta azkenik, lehenengo solairura bueltatu dira, eta irratian sartu. Aitziber Aranburuzabalarekin ibili dira mikrofono artean. Emisio-zati bat entzun dute, bide batez.
Bisita bukatzeko, Goiena sarreran batu dira 61 umeak eta hiru andereñoak, eta talde-argazkia egin dute; datorren urtean hirugarren mailan izango dira umeak. Batzuk harreragile ere ibili dira, joan aurretik... Pozik joan dira, berriro bueltan, Gazteluondora, Goienatik gertu daukate-eta ikastola.
---------------------------
Bideo bi: telebistako platoan kantuan eta erredakzioan Iñaki Iturberekin.