Programa hau Arrasateko Udalak berak bakarrik kudeatu eta finantzatuko du eta asmoa da 2014an zehar egindako kontratuak laguntzea. Laguntza jasotzeko, enpresek lantokia Arrasaten izan behar dute, eta kontratatutako langabeak Arrasaten erroldatuta egon behar dira. Diruz lagunduko diren lan kontratuak gutxienez sei hilabetekoak izango dira, egun osoko lan jardunekoak eta 50 langile edo gutxiago dituzten Arrasateko enpresetan. [Oinarriak]
Programa honetara, zehazki, 100.000 euro bideratu ditu Udalak eta 2014an zehar lana sustatzeko plangintza orokorrera 500.000 euro. Horren bitartez, Udala sinergiak sortzen ari da Arrasateko langabeen, enpresen eta unibertsitatearen artean, denen artean enpleguari bultzada emateko.
Lanbai azokan programari buruzko informazioa
Eguenean ospatuko da Lanbai enplegu azoka. Udalak MU-rekin batera antolatu duen azoka da Lanbai, eta bertan Arrasateko enpresek euren lan eskaintzak eta pertsonal beharrak konpartituko dituzte langabeekin.
Enplegu azokan, Udalak bere stand propioa izango du, eta lana sustatzeko planaren inguruko informazioa emango du. Horrez gain, Udaleko enplegu eta garapen teknikariek azokan parte hartuko duten enpresa guztiei banatuko diete informazioa.