Zelakoa da Iñaki Gurrutxaga?
Langilea eta lagunen laguna.
Zelako harremana daukazu sukaldearekin?
Oso ona, egunetik egunera gustukoago ditut sukaldeko kontuak.
Zein da zure espezialitatea?
Hanburgesak saltsan, legatza amerikar saltsan eta txipiroiak saltsan; eta langostinoak, noski, horiek ezin falta.
Zertara gonbidatuko zenuke lagunik onena?
Oporretan Galiziara; urtero joaten naiz eta hilabete pasatzera eroango nuke.
Eta etsairik handiena?
Hemendik alde egitera, eta bertakook bakean uztera.
Zeinekin gustatuko litzaizuke mahaiaren bueltan eseri?
Lagunekin, baina hainbeste ditut… Ezingo nituzke guztiak elkartu.
Zer dute jaiek hain gustuko izateko?
Zoriontsua naiz orduan eta jendea zoriontsu ikusten dut.
San Juan jaietan: danborrada ala errementari-dantza?
Zalantza barik, errementari-dantza. Baina aurten, lehenengoz, ezingo dut dantzatu, hankan min dudalako. Danborradan ere ez naiz egongo, ez delako jendea elkartu. Datorren urterako animatu gura ditut, Harristis Farras Klub batailoia egingo dugu.
Maritxu Kajoiren miraria ala Santamasetako giroa?
Jairik politenak Santamasak dira; baina Maritxu, Maritxu da, iruindar batendako sanferminak legez.
Eta Inauteriek zer dute?
Uf… Orduan bai disfrutatzen dudala!
Jantzitako mozorrorik gustukoena?
Neuretako, leprosoa, baina jendeari gustatu izan zaizkionak dira sevillana, moja eta guardia zibila.
Gaztetxeko adin tartea asko igoko duzu, ezta?
Kar, kar, kar… Ni gazte sentitzen naiz. Jendea animatuko nuke gaztetxera joatera, baliabide gutxirekin dabiltza eta…
Zer da jaietan gustuko ez duzuna?
Apurketak: edalontziak lurrera botatzea inolako zentzu barik, zakarrontziak apurtzea…
Eskoriatza ala Arrasate?
Arrasate, beti nago-eta hemen.
50 urte betetakoan Uarkape lagunez bete zenuen; hurrengoa?
Erretiratzen naizenean, makroparranda egingo dugu orduan.
Iratxoek hiru desio betetzeko aukera eman dizute.
Euskal Herriaren autodeterminazioa, independentea izateko eta preso guztiak etxeratzeko; dirua gura beste; eta osasuna, parrandetan jarraitzeko.
Zure bizitzako anekdota bat.
Lagun bat ezkontzen zela-eta ezer esan gabe dantzan egiteko geratu nintzen beste lagun batekin. Ezkontza egunean epaitegi aurrean zain geunden txistulari eta guzti, jende ezagun asko inguruan, eta epaitegitik bikotea irten zenean… ez zirela gure lagunak konturatu ginen. Eta orduan zer? Dantzan egin behar, guri begira zeuden-eta guztiak. Bizkaian ezkondu ziren gure lagunak.
Jaietan ibiltzeko ezinbestekoa?
Umore ona eta osasuna. Eta dirua ere bai, noski.
Damu zara…
Ez daukat ezeren damurik.
Zer errepikatuko zenuke?
20 urte izatera itzuliko nintzateke eta berriz hasi parrandaz parranda. Sanferminetan beti aste bukaeran izan naiz, eta aste barruan joango nintzateke.
Zerk beldurtzen zaitu?
Heriotzak, baina ez dakigunez noiz etorriko den, hor konpon!
Lanetik etxera iritsi berri, sofan eseri eta…
Ez daukat sofan egoteko astirik. Bazkaldu eta Arrasatera nator.
Nora ospa egingo zenuke gustura?
New York ezagutzera.
Ze esaldi konpartituko zenuke?
Zoriontsua izan, utzi bizi izaten gainerakoei, eta disfrutatu ahal duzun bitartean.
----------
Aukeran
Lehen platera: Entsalada mistoa.
Bigarrena: Hanburgesak saltsan.
Postrea: Izozkia eta flana.
Edatekoa: Ura etxean, eta bestela, kalimotxoa.