'Aupa Mondra!' liburuaren aurkezpenak jendez bete du osoko bilkuren aretoa

Irati Goitia 2014ko eka. 12a, 19:25

Mondraren 100 urteko historia eta istorioak batzen dituen liburua da 'Aupa Mondra!' eta gaur arratsaldean aurkeztu dute udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Bete egin da gela, besteak beste, garai bateko eta egungo jokalariak izan dira bertan. Fernando Laspiur antolatzaileak, Inazio Azkarragaurizar alkateak eta John Andueza liburuaren egileak hartu dute hitza ekitaldian.

Mondraren mendeurrena (1913-2013) dela-eta antolatutako ekintzen emaitza moduan aurkeztu dute Mondraren liburu, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.

Istorioak eta argazki zaharrak

Gustura azaldu dira emaitzarekin John Andueza egileetako bat eta Fernando Laspiur urteurreneko ekintzen antolatzailea. Biek ala biek esan dute liburu arina eta dibertigarria dela, argazkiz eta istorioz betetakoa. Hain zuzen, argazki zaharrak batzen ditu liburuak. Lehen ediziorako 700 ale atera dituzte.

Liburuarekin batera, aurrez egindako DVDa ere badator. Oihan Vitoriak eta Jokin Uribetxeberriak iaz egin zuten dokumentala ikus daiteke lan horretan.

Udalaren diru-laguntzari esker izan da posible liburua argitaratzea eta horregatik egin dute aurkezpena udaletxean. Hain zuzen, Laspiurrek eskerrak eman dizkio udalari emandako laguntzagatik.

Andueza eta Porcelen lana

John Andueza eta haren emazte Marian Porcel izan dira liburuaren egileak. "Jende asko dago liburu honen atzetik. Batetik, argazkien jabeak daude; horietako batzuk orain 80 urte dituzten jokalari ohiak dira. Bestetik, argazki horien bila norengana jo genezakeen esan ziguten pertsonak ere badaude. Hala ere, sekulako lana egin duena, John Andueza egileaz gain, Marian Porcel izan da. Argazkiak identifikatzen, sailkatzen eta aukeratzen lan itzela egin du", azaldu du Laspiurrek. Berau eta Jose Luis Ezkurra ere buru-belarri aritu dira proiektu honetan.

Anduezak esan du zaila dela 100 urteko historia liburu bakarrean laburbiltzea eta horregatik istorio dibertigarrienak jasotzen saiatu direla. Laspiurrek honakoa ere gaineratu du: "Liburua, ikusi eta irakurtzeko erraza izateaz gain, haren gainean berba egiteko aproposa da. Aspaldiko pasadizoekin momentu eder batzuk pasatzeko aitzakia ematen du".

Liburuaren aurkezpenarekin amaitutzat eman dituzte mendeurrenaren harira antolatutako ekitaldiak.

Zapatuko Ardo Egunean salgai

Gaurko ekitaldiaren ostean saldu dituzte lehen aleak. Liburuak eta DVDak –liburu barruan doa ikus-entzunezkoa– 20 euroko prezioa du. Erosketa gaur egin dutenei Mondrako bufanda eman diete opari. Bestalde, gaur erosi ez duenak zapatuko Ardo Egunean izango du horretarako aukera, goiz eta arratsalde. Era berean, Itzala, Kajoi eta Monte tabernetan ere egongo dira salgai.

Kaleratu berri duten produktuaren helburua zein den argi dute guztiek: "Mondrarendako diru-iturri izan dadila".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak