Errepublikaren aldeko proposamenen ordua dela aldarrikatu dute Arrasaten

Goiatz Arana Begiristain 2014ko eka. 12a, 09:25

Juan Carlos I.a erregearen Abdikazio Legea onartu zuen Espainiako Diputatuen Kongresuak atzo, eta iluntzean elkarretaratzea egin zuen pertsona talde batek Arrasaten. Monarkia ez dela inoiz bozkatu eta aukeratu nahi duten herritarrak direla azaldu zuten, errepublikaren aldeko proposamenen ordua dela gaineratuz.

"Nabaria da monarkiaren izen-galtzeak aldaketa operazio bat egitera behartzen duela, Erregea erakunde zaharkitu eta antidemokratiko horri eusteko, eta horren lekuko dira errepublikaren aldeko indarrek estatu osoan deitutako kontzentrazioak", adierazi zuten. "Errepublikaren aldeko proposamenen ordua da. Demokraziaren ordua da", euren esanetan.

"Alderdi-bitasunak porrot handia jasan duen Europako hauteskundeak izan dira demokraziaren aurkako erakundea den koroa eraberritze saio bat egitera eraman dutenak", euren hitzetan, "ez dutelako segurantziarik hurrengo udal hauteskundeen eta hauteskunde orokorren ostean Ondorengotza Legea onartu ahal izango dutenik".

Alderdi-bitasuna "neoliberalismoaren oinarria" dela adierazi zuten, "monarkiaren izaera berretsi" besterik ez duela egiten eta "milioika pertsona egun bizi dugun miseria egoerara eraman" dituela.

Ildo horretatik, monarkia ez dela inoiz bozkatu eta aukeratu nahi duten herritarrak direla aldarrikatu zuten: "Frankismoak inposatu zigun monarkia, ez da inoiz bozkatu. Herritarren %75ek ez dute inoiz aukerarik izan gaur egun jasaten dugun konstituzio monarkikoari buruzko bere iritzia emateko. Subiranotasuna ez da familia baten dohaina. Ez gara mendekoak, aukeratu nahi duten herritarrak gara".

Atzoko protesta ekitaldiarekin bat egindako talde eta erakundeek dei egin zieten herritarrei mobilizatzen jarraitzeko, "monarkiarekin amaitzearen, eta herritarrek eta estatuko herriek beraien etorkizuna aukeratu ahal izango duten prozesu demokratiko bat irekitzearen alde".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak