Nerea Artolak egin die umeei harrera eta bisita gidatua, eta andereñoak hasieratik argi eta garbi esan die isil-isilik egon beharko zutela: "Kremallera!".
Hasteko, Goiena telebista ikusi dute, beheko solairuan, Oihane Agirrek gidatuta.
Horren ostean, platora sartu da Oier, eta aurkezle lanetan ibili da. Segidan, Iraitzek eta Garazik lagundu diote. Eta gero, ume guztiak sartu dira. Motor gidari eta hegazti artean ibili dira neska-mutikoak.
Telebista utzi, eta lehenengo solairura igo dira; Arrasate Irratian ibili dira, mikrofono artean, txisteak eta istorioak kontatzen. Aitziber Aranburuzabala, berriz, grabatzen zebilen orduan.
Eta bukatzeko, bigarren solairura igo dira, erredakziora. Han, Iñaki Iturbek azaldu dizkie Goiena paperaren gainekoak: prozesua, kazetariek zelan lantzen dituzten albisteak, argazkiak nola kokatzen diren orrietan, errotatiba handi batean inprimatzen dela papera, garraiolari batek ekartzen dituela aleak...
Olartera bueltatu aurretik, talde-argazkia atera dute. Gustura ibili dira Arizmendiko Olarte guneko 5 urteko umeak Goienan bisitan, eta oso txintxo, Artolak, Agirrek, Iturbek eta beste hainbat lankidek esandakoei adi-adi. Etorkizuneko kazetariak?