Azken urtetako bi txapeldunak finalean neurtu dira eta partidua bizi hasi arren, uste baino errazago irabazi dute Driblingekoek. Urtero bezala, harmailak jendez beteta egon dira eta lehenengo zatian norgehiagokak ez du jabe argirik izan. Partidua hasi eta minutu gutxira aurreratu dira markagailuan Driblingekoak Matalobosen gol bati esker. Hala ere, Sonografosekoek ez dute lorik hartu eta banako berdinketa lortu du Muruak, Pitu-k eragindako penaltia aprobetxatu ostean. Hurrengo kolpea Ibaiek eman du zelaiaren punta batetik jaurti eta Driblingeko atezaina ustekabean harrapatu ostean. Gol horrek aurretik jarri ditu Dat eta Taupa tabernetako ordezkariak, baina pozak ez die luzaro iraun. Izan ere, kantxa erditik atera eta berehala, berdinketa lortu dute Driblingekoek. Atsedenaldira 3-2ko emaitzarekin joan ziren.
Bigarren zatia hasi bezain laster 4-2koa jarri dute markagailuan Driblingekoek, korner batean Sonografosekoen defentsaren huts baten ondorioz. Sonografosekoek halabeharrez, erasoan saiatu dira, eta aukerak sortu arren, ate aurrean ez dute zorterik izan. Aipatzekoa ere txapeldunen atezainak egindako partidua, ate azpian jokalariei beharrezko konfiantza ematen. 5-2koak partidua erabakita utzi du, eta Sonografosekoek buruarekin baino bihotzarekin saiatu arren, Driblingek bigarren urtez jarraian lortu du txapela.