Arrasateko San Juan de Dios ospitale psikiatrikoan duela zazpi urte osatu zen futbol taldea, eta ordutik, zentro psikiatrikoen arteko Euskadi mailako areto futbol txapelketa jokatzen dute. Ospitaleko hamazazpi pazientez osatzen da taldea eta hamabostean behin partidua izaten dute: "Normalean, kanpoan jokatzen dugu; Bizkaian, bereziki. Talde ona gara, bi urtean irabazi dugu liga", dio ospitaleko langile eta taldeko entrenatzaile Amaia Garatek. Horren adierazle, gaur bertan, egubakoitza, Zamudion jokatuko duten Euskadiko txapelketako finalerdia: "Manuene zentrokoen kontra egingo dugu. Irabaztea ez da erraza izango, baina seguru bikain pasatuko dugula".
Normaltasunera bidean
Hamabostean behin jokatzen duten partiduaz gain, entrenamenduak egiten ditu taldeak. "Oso momentu politak dira eurendako eta errehabilitaziorako oso garrantzitsua da", dio Garatek, integrazioaren eta normaltasunaren bidean txapelketek duten garrantzia azpimarratuta. Izan ere, gaitasun fisikoak lantzeaz gain, kirol jarduerak gaixotasunaren sintoma batzuk hobetzen laguntzen du; hala nola bizi ohitura osasungarriak eta gaitasun sozialak garatzen, taldean lan egiten eta estigma sozialak desagerrarazten, pazienteen irudi positiboa emanda.
Almerian, Europa mailakoan
Euskadiko mailakoez gain, bestelako txapelketak ere jokatzen dituzte Arrasateko taldekoek. Esaterako, Europa mailako txapelketa baten izan ziren maiatzean Almerian, eta han ere lan bikaina egin zuten.