Hor dago txapelketa txukuna egitearen gakoa: "Jokalari handiek ez dute parte hartu nahi izaten, zazpinakoan ondo moldatzeko ezinbestekoa delako korrika egitea". Korrika asko, eta azkar: "Baina animatzeko esaten diet, lehia ez delako helburu bakarra. Hori bai, denok nahi izaten dugu lan txukuna egin".
Hala, iazko finalera iristeko gakoa garbi du Isasik, jokalari asko izan zituela eskura: "Arrasateko eta Elorrioko jokalariekin talde bakarra osatu genuen, eta guztira 24 jokalari inguru izango nituen jokatzeko zain. Noski, aldaketak egiten genituen momentuan talde osoa sartzen zen fresko. Eta hori igarri egin zen". Horregatik, aurten gaitzagoa izango da finalera iristea: "Elorriok talde propioa ekarriko du, eta tartean izango dira, baita ere, Ordizia edo Bera Bera moduko taldeak". Eta normalean eurak izaten dira faborito. Zapaturako, gainera, bero handia iragarri dute. Berdegunean ura, garagardoa, ondoren.