Azpeitiarrei Lauko Finalean azken minutuan irabazita, azken urteotako helburua lortu zuten Mondragon Unibertsitateko jokalariek eta Ointxe! klubekoek; EBA mailan lehiatzea. Azken urteotan Ointxe! klubak harrobiagatik apustu sendoa egin du, eta urte gogor batzuen ostean, egindako lanen emaitzaz disfrutatzeko momentua heldu zitzaien duela bi aste. Hala ere, kantxan sufrimenduz eta merezimendu osoz lortutako garaipenak, lan handia eskatu die zuzendaritzako kideei; EBA mailan jokatzeko baldintza batzuk behar dira-eta. Alde batetik azpiegitura kontua dago, eta bestetik, aurrekontuena. Azpiegiturei dagokienez, arazorik ez dela egongo esan zuen Jon Basurkok, Ointxe!-ko presidenteak.
25.000 euroko aurrekontua
EBA mailan jokatzeko 25,000 euroko aurrekontua, aurten baino 15,000 euro gehiago, beharko ditu taldeak eta hori lortzeko buru belarri lanean dabiltzala esan du Jon Basurko presidenteak. Horrez gain, Udaletxekoekin eta Foru Aldundikoekin harremanetan dabiltzala esan du Basurkok. Izan ere, sei bat aste barru, uztailaren 14ean EBA mailan jokatzeko fitxak aurkeztu behar ditu taldeak. Herriko eta inguruko babesleekin ere kontaktuan jarri dira, baina zuzendaritzakoez gain, jokalariek ere izango dute zer egina datorren asteotan.
Bazkide kanpaina
Helburua datorren astean bertan taldeko ordezkariak zuzendaritzakoekin batzea eta bazkide kanpainako ekintzekin ahalik eta azkarren hastea izango da. Horrez gain, azken asteotan herritar askoren ahotan egon da Lauko Finaleko partiduen emozioa aprobetxatu nahi dute. Beraz, datozen asteotan egingo dituzten ekintzei adi egoteko eskatu diete saskibaloi zaleei; bazkide kanpainan parte hartzeko eta datorren urtean harmailetatik etxeko jokalariei bultzada emateko. Izan ere, azken urteotako filosofiari eutsiz, igoera lortu duen jokalari taldearekin lehiatuko dira EBA mailan, eta bertan urte luzez jarraitzea da helburua.