Gure Esku Dago

Domekako giza kateak autoen zirkulazioan izango duen eraginaren berri eman du Arrasateko Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko eka. 3a, 11:50

Apirilaren 13an Arrasateko alde zaharrean egin zen giza katea.
Domeka honetan, ekainak 8, erabakitzeko eskubidearen alde Durango eta Iruñea lotuko dituen giza kateak Arrasaten izango duen eraginaren berri eman du Udalak. Auto zirkulazioa etenda egongo da hainbat kaletan, 09:30etik 14:00etara.

Giza katea dela-eta, ibilgailuen trafikoa etenda geratuko da 09:30etik 14:00etara herriko hurrengo kaleetan: Udala plaza, Zarugalde, Muxibarko biribilgunea, Otalora, Maalako biribilgunea eta Gipuzkoa etorbidea, Eroskiko biribilguneraino. Aipatutako ordu tartean bide horien ordez honako hauek erabili beharko dira:  Arrasateko saihesbidea, Nafarroa etorbidea, Araba etorbidea, Alfonso VIII eta Uribarri etorbidea.

Arrasaten hiru elkargune

Giza katean parte hartuko duten pertsonak aldez aurretik hiru puntutan bilduko dira: Muxibarreko parke eta biribilgunearen inguruan, Monterronen inguruan eta Ferixalekuan. Horregatik aipatu diren guneetan aparkatutako ibilgailuak erretiratu egin beharko dira, zapaturako, ekainak 7, gaueko 24:00etarako. Aldez aurretik gune horiek seinalizatuta egongo dira.

Jose Luis Iñarra, Makatzena eta Santamainan bizi direnei ibilgailuak ez erabiltzea gomendatzen zaie. Ibilgailua hartu behar izanez gero, Elma eta Oñati kaleko (Kabia) biribilguneak erabili beharko dira. 12:00etatik 12:30era, giza kateak iraungo duen ordu erdian, ibilgailuen trafikoa guztiz etenda egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak