Garagardo azokaren hamaseigarren edizioa da aurtengo, eta 6 garagardo marka desberdin egongo dira salgai: Warsteiner, Grimbergen, Mahou beltza, San Miguel 1516, Kronenbourg eta König Ludwig. Guztira 1.800 litro garagardo eskatu dituzte antolatzaileek. Garagardo marketako batzuk berriak izango dira, orain arte Errugbi Taldeak antolatutako Garagardo Azokan izan gabeak, alegia, aurreko edizioetan ekarri ez direnak. Arrasate Errugbi Taldeko antolatzaileen esanetan, "berrikuntza honekin sentsazio berriak bereganatu" nahi dituzte. Horrez gain, jana ere eskainiko dute, besteak beste, opilak, olilaskoak, saltxitxak eta txerri-ukondoak.
Irekierarekin batera pintxo-potea egongo da karpan, baita herri kirolen erakustaldia ere. Azken hori Mondragon Unibertsitateko Kirol Zerbitzuarekin batera antolatu du Errugbi Taldeak.
Bestalde, zapatua izango da azokaren egun handiena. Azoka goizez zein arratsaldez egongo da irekita, eta kirolak ere bere tartea izango du: Mojategin Nazioarteko Zazpinako Errugbi Txapelketa jokatuko da, 15:00etan. Txapelketaren hamabostgarren edizioa jokatuko da asteburuan. Neska zein mutilen taldeek hartuko dute parte, eta gehienez 12 talde aritu ahalko dira, bakoitza 12 jokalariz osatua. Sari banaketa 21:00etan egingo da Herriko plazan; jokalari guztiek bertan afalduko dute elkarrekin.