Bigarren urtez, Arrasateko gazteek bioaniztasuna izan dute aztergai, Eskola Agenda 21 ekimenaren baitan. Ikasleek ingurunea zaintzeko, natura errespetatzeko eta ohitura osasungarriak hartzeko proposamen berriak aurkeztu zituzten atzo.
Aurtengoa, Eskola Agenda 21 ekimenari dagokion hamaikagarren proiektua da, Arrasateko eskolek elkarlanean egindakoa. Helburua dute Arrasateko ondare naturala hobetzea, kontserbatzea eta ezagutaraztea. Osoko bilkuran izandako guztiek bat egin zuten xede horretan. Askotariko ekarpenak egin zituzten gazteek, besteak beste, errekak garbi mantendu eta kutsadura saihestu beharra, baita berdeguneak modu iraunkorrean kudeatzea ere, sasoiko lore eta landareak jarriz. Hainbat jarrera bultzatu nahi dituzte herritarren artean: kontsumo arduratsua, baserritarren produktuen aldeko kanpaina, bidezko merkataritza eta birziklapena. Horrez gain, mugikortasuna eta bidegorrien sarea sendotzearen aldeko apustua egin dute.
Gainera, urrian Errekaren Astea egingo da, eta egitasmo horren baitan egingo diren ekintzetan parte hartzeko deia egin zuten.