Ordainduko ordezkarien arabera, gaurko bilerara 200 bazkide zeuden deituta baina ehun bat pertsona baino ez dira gerturatu. Tartean Edesako bi kide, "Gure enpleguen defentsan" aldarria zuen kamiseta zeramatela; kaltetuen mezua batzarrean zeudenei helarazteko asmoz egin dute hori.
Ordainduko kideek bilerara gerturatutako bazkideei esku orriak banatu dizkiete sarreran, euren egoera ezagutzera eman eta Fagor Taldeari erantzukizuna eskatzeko. Datozen asteetarako ere mobilizatzeko deia egin dute plataformako partaideek. Orain arte egin duten moduan, MCC enpresaren atarian bilduko dira ostegun goizetan, eta bi astean behin manifestazioa egingo dute, Biteri plazatik abiatuta.