Tellamendira itzuliko da urritik zapatu honetara pasa duten Arrasateko martxa

Julen Iriondo 2014ko mai. 30a, 09:36

Bihar, zapatua, izango da aurtengo Arrasateko mendi bizikleta martxa. Mundumiraren egitarauan eskaintza hori ere egitearren aurreratu dute, eta festaren testuinguruan antolatzeak beste ondoriorik ere izan du, hiru ibilbide jarriko dituzte-eta, ahalik eta jende gehienari aukera emateagatik.

Kilometroak 33 eta desnibela 1.400 metro izango ditu ibilbide luzeak, 28 eta 1.100 ertainak, eta 23 eta 900 laburrenak. Anoa puntua Besaiden egongo da, eta hara Tellamenditik bueltan iritsiko dira parte-hartzaileak –hona bitarteko zatia izango da gogorrena–. Besaidetik Udalara eta handik Arrasatera egingo dute ibilbide motzekoek. Ertainean Arteagatik joan-etorria egingo dute amaitu aurretik, eta luzean, berriz, Txukurrillo eta Salturri inguruetan ere ibiliko dira.

Martxa 09:00etan abiatuko da, eta ordubete lehenagotik eman ahal izango da izena, irteeran, Musakolako kiroldegian. Federatuek 5 euro eta gainerakoek 10 ordaindu beharko dituzte. Luncha, dutxak eta bizikleta garbitzeko aukera egongo dira amaieran.

Aurtengo ibilbideko berritasunetako bat izango da Tellamendira iritsiko dela martxa. Besaideren Mendi Bizikleta saileko Mikel Bergararen arabera, "betiko antzerako filosofiarekin", saiatu dira egin beharreko bidean aurreko edizioekiko tarte berriak sartzen: "Ibilbideak 33 kilometro edukita, dena ezin da izan berria; baina saiatzen gara zati batzuk sartzen. Aurten Mundumiraren egitarauan dagoenez, Tellamendira igotzea erabaki dugu. Normalean ez gara hain gora igotzen, baina jende gehiago espero dugu aurten, eta tontorreraino joango gara, bistak ikusteko eta inguruak ezagutzeko". Horrez gain, guztiz itxita zeuden bide zahar batzuk ireki dituzte, eta beste batzuk txukundu.

Izan ere, ohiturari jarraituz, bidezidorrak izango dira martxako zati asko: "Normalean jaitsieretan izaten dira bidezidorrak, baina aurten igoeretan ere sartu ditugu batzuk". Bidezidorrak, teknikoki, zailagoak izaten direla eta, bustia badago, batzuek zenbait zati oinez egin beharko dituztela dio Mikel Bergarak: "Baina fuerte daudenek dena igoko dute bizikleta gainean".

Jaitsierei dagokienez, horien zailtasuna aukeratutako ibilbidearen araberakoa izango da, Bergarak dioenez: luzeenek, jaitsiera zailenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak