"Altxorra". Hori da Arrasate Zientzia Elkarteko kideek behin eta berriz erabiltzen duten hitza 2013ko azaroan dohaintzan jaso zuten material guztia deskribatzeko. Eta ez da gutxiagorako. Arrasatek orain arte eman dituen argazki zaharrenak dituzte esku artean, Arrasateko lehen erretratuak: "Orain arte ezagutu ditugun argazki zaharrenak dira. Gure herriko iraganaren oroimena bizirik gura dugu gorde, iragan hori hobeto ezagutzeko. Izan ere, ez legoke etorkizunik orainaldiagatik eta iraganagatik ez balitz", adierazi zuten atzo, antolatu duten argazki erakusketaren berri emateko prentsa agerraldian.
Erakusketari Mondragoe beirazko plaketan izena jarri diote eta ekainaren 6an irekiko da, Kulturateko klaustroetan.
Barrutiabengoa, Bengoa, Ugalde, Urrutia, Garai eta Urteaga atzo Arrasaten, erakusketaren aurkezpena egin ostean.
Altxorra, Mendia Fondoarena
Beirazko 474 plaka negatibo eman zizkieten, kaxetan gordeta, eraitsi behar zuten Gazteluondoko etxe batetik errekuperatu ostean. Anton Otadui Etxetxo izan zen negatibo horiek bertan zeudela zekiena eta gorde zituena. Etxetxo hil ostean, haren alargun Maria Asuncion Urrutiaren bidez –familiako laguna den Eusebio Iñarrari eman zion– heldu zen altxorra Arrasateko ondarea mantentzeko lanean burubelarri diharduen elkartearen eskuetara.
Arrasateko ikuspegi orokorra erakusten duen argazki zahar bat. | Mendia Fondoa
Baldintza bakarra eman zuen Urrutiak dohaintzarako: argazkiok Arrasaten gera daitezela. Argazkilaria Mendia sendikoa dela badakite: "Mendia Fondoa deitu diogu bildumari, altxorra sortu zuen argazkilaria Mendia familiakoa zen-eta". Hori bai, haren izena ez dute ezagutzen oraindik: "Argazkilariaren argazkia dugu, ispilu baten autoerretratu bat atera zuen-eta. Oso polita da, liburuko kontrazala izango da". Izan ere, erakusketaz gain, Mondragoe beirazko plaketan liburua argitaratuko dute, eta salgai egongo da ekainaren 6rako.
Aukeraketa 474 plaketatik
Beirazko 474 plaka negatibo horietatik 108 aukeratu dituzte Kulturaten irekiko duten erakusketarako: "Arrasatekoak dira erakutsiko ditugun argazki guztiak. Beirazko plaketan jaso ditugunen artean badaude kanpokoak; Bergarakoak, Oñatikoak eta Nafarroakoak, besteak beste. Baina guk Arrasatekoak aukeratu ditugu", esan du zientzia elkarteko Juan Ramon Garaik. Arrasateko lekuak agertzen dira argazkiotan, baina baita pertsonak ere: "Herriko Plazan eta Erdiko kalean gertatzen ziren gauzak erakusten dituzte, batez ere", gaineratu du EHUko irakasle Ana Isabel Ugaldek.
Beirazko plaka negatibo bat, orduko kamera baten ondoan.
Noizkoak diren argazkiak? Ugaldek honakoa dio: "Euskal Jaiko argazkia 1896koa dela ziur dakigu, baina zaharragoak ere egon daitezke. Beirazko plaken kaxetan 1889. urtea ageri da, esaterako". Data zehatza jakiteke, argi dagoena da sekulako altxor historikoa dutela esku artean.
Canovas del Castilloren gorpua
Argazki guztiak dira interesgarriak. Eta, ulertzekoa denez, zientzia elkartekoek ezin dute bat bestearen gainetik nabarmendu: "Gu argazki guztiekin hunkitu gara", dio Ugaldek. Baina badira "xarma berezia" duten argazkiak. Esanguratsuenen artean, balio historiko handikoa delako, Antonio Canovas del Castillo orduko Espainiako gobernuburuaren hilkutxa erakusten duen erretratu bat dago. 1897ko abuztuaren 8an erail zuen Michele Angiolillo anarkista italiarrak, Santa Agedako bainuetxean: "Haren gorpua zaldiekin eraman zuten Zumarragara, gero handik trenean Madrilera eramateko. Coche estufa baten eraman zuten, izotzetan sartuta, gorpua Madrilera bidean usteldu ez zedin", argitu du Garaik.
Portaloi inguruan dago aterata argazki hori, eta ikusi gura duenak Kulturateko erakusketara jo beharko du.
Iparragirre ote da?
Beste argazki kurioso baten berri ere eman dute: "Erdiko kalean ateratako argazki baten Iparragirreren sekulako antza duen pertsonaia bat agertzen da; gitarrarekin, txapelarekin... Ez gara ausartzen hura dela esatera, baina klon bat da". 1881eko apirilaren 6an hil zen Jose Maria Iparragirre euskal olerkari, abeslari eta musikagile ospetsua eta horregatik zalantzak dituzte, argazkiak horren zaharrak izan daitezkeen ez dutelako garbi: "Izan daiteke, baina...".
Zaldibarko frontoia egin aurreko argazkiak daude –1900ean egin zen pilotalekua– eta argazki berrienak 1903 ingurukoak direla uste dute. Azken horien artean dago Biteri eskolako lehen promozioko argazkia, 1902-1903 ikasturtekoa: "Jantziei bakarrik begiratuta, gizarteko estamentu ezberdinak islatzen dira argazki horretan, pobreak zein aberatsak". Felix Arano maisu ezaguna bera ere agertzen da erretratuan.
Herritar xumeen arteko aldeak
Hortaz, Mendia sendiko argazkilari horri esker Arrasateko herritar xumeen arteko aldeak ikus daitezke. Janzkerarengatik, oinetakoengatik, apaingarriengatik, eta baita entretenitzeko moduagatik ere. Aurrerapenak iritsi zireneko garaiak ere islatzen dira erretratuotan: elektrizitatea heldu zenekoa –1894tik aurrera–, ur korrontea –1896a ezkero–, fatxadetako miradoreak, teilatuetako kristalezko sabai-lehioak...
Mendia Fondoaren ekarpena ezin daiteke zalantzan jarri, beraz: "Ekarpen baliotsua egingo dio Arrasateko zein Euskal Herri osoko historia-argazkilaritzari, zalantza barik. Espero dezagun argia ikusteak ondasun moduan balioa emateko lagungarri izatea", uste du zientzia elkarteko Xabier Bengoak.
Boloa, Erdiko kalean, bataio baten ostean. | Mendia Fondoa
Bestalde, Arrasateko Udalak diruz lagundu du erakusketa eta AZEkoek laguntza hori eskertu dute. Atzo, erakusketaren aurkezpenean, Kultura zinegotzi Kepa Urteagak argazkion garrantzia azpimarratu zuen: "Asko gustatu zaizkit ikusi ditudan argazkiak; nik bereziki gazteen ikuspuntutik begiratu gura diet. Gazteek ez dakite nolakoa zen Arrasate; eta kasu honetan, gainera, Arrasate zena ere erakusten da".
Ondarea babestea "oso garrantzitsua" da Udalarendako: "Beti esaten dugu berdina, baina egia da, hala uste dugu. Zorionez, AZE moduko elkarte batek lortu du halako ondare bat gorde, kudeatu eta ezagutaraztea. Zorionez diot, ez dagoelako jende asko halako lana borondatez egiten duena. Loretxo bat da zuendako, baina merezitako loretxoa". Udalak aurrerago ere egingo diren ekintzak lagunduko ditu: "Oso pozik gaude ekimen hau laguntzeagatik, eta espero dugu jendearen artean harrera ona izango duela. Era berean, dohaintza egin duen familiari ere eskerrik beroenak eman gura dizkiegu", esan zuen atzo Urteagak.
Hiru txoko, aldaketa itzelaren adierazle
1: Monterron jauregia 1900. urtearen inguruan. | Mendia Fondoa
2: Euskal Jaia, Herriko Plazan, 1896ko uztailean. | Mendia Fondoa
3: Egun, Seber Altube plaza dena; erdian, Biterik emandako Berdura Plaza. | Mendia Fondoa
Nola aldatu diren gauzak, nola aldatu den Arrasate. Goian dauden hiru argazkiek 100 urte baino gehiago dituzte; herriko hiru txoko ezagun dira, lehen begirada baten ezezagunak izan daitezkeen arren. Monterron jauregiarena (1.) izango da arrasatearraren begira erretratu arrotzena izango dena. Noizkoa den ez dakigu zehazki, baina jauregiaren beraren fatxadagatik ez balitz ez genuke sinistuko egun Arrasate Musikal dagoela bertan.
Herriko plaza ere ageri da (2.), orain arte ezagutzen den argazkirik zaharrenean –1896ko uztaila–. Herria jai giroan murgilduta dago, Euskal Jaia ospatzen. Haurrak dira protagonista, aurreskua ari dira dantzatzen. Egun Seber Altube plaza denak ere ez du zerikusirik San Frantziskoko plazatxo zaharrarekin (3.). Ezkerretik eskumara: komentua, Pedro Biterik Arrasateko herriari emandako azoka –Berdura Plaza moduan ezaguna– eta barrutiatarren jauregi klazisista; Ramon Adan Iartza bizi izan zen bertan. 1901ekoa da erretratua, azoka egin zen urtekoa.
Erakusketa, ekainaren 6an
Beirazko plaketatik erakutsiko duten materiala ateratzeko lan bikaina egin du profesional batek: "Lan ederra egin du, kalitate aldetik ere oso onak dira argazkiak". Erakusketa, esandako moduan, ekainaren 6an inauguratuko dute Kulturateko klaustroan–liburua aurkeztu ostean–, eta uztailaren 6ra arte egongo da zabalik. Astelehenetik zapatura bisitatuko ahalko da, 17:30etik 20:30era.
'Mondragoe beirazko plaketan' liburua
Arrasate Zientzia Elkartekoek liburua aterako dute, eta, erakusketako erretratuez aparte, beste batzuk ere sartu dituzte liburuan. Gainera, argazki ispiluak moduan bataiatu dituztenak ere txertatu dituzte. Hau da, erretratu zaharra oinarri hartuta, leku beretik egungo argazkia atera dute: "Aldea itzela da", diote. Liburuaren aurkezpena ekainaren 6an egingo dute, Kulturaten (17:00). Orain inprentan dago, baina erakusketaren irekierarako salgai egongo da, 15 eurotan. Ondoren, Ttukun dendan eta Eroskiko kioskoan erosi ahal izango da.
Liburuaren azala. | Arrasate Zientzia Elkartea