Domeka gauean jasandako lapurretaren ostean, gaur ireki du ostera Gure Esku Dagok Zeziaga zaharrean jarrita duen erakusleihoa. Ekainaren 8ko Gure Esku Bidea giza katerako informazioa bistaratzen jarraituko dute, beraz. Eskaparatean, besteak beste, Arrasateko idazle eta musikarien lanekin osatutako saskiak jarri dituzte bistan. Saski horien zozketarako txartelak saltzen dabiltza egunotan: "Taldeak dituen zenbait gastu, eta pasa den igandeko lapurreta estali nahi dugu". Zozketa ekainaren 9an egingo dute.
2.000 metroetara iristear
Zeziaga zaharreko erakusleihoa berriro ere irekita, Gure Esku Dagok beste urrats bat eman du datorren ekainaren 8ko giza katera begira. Azken hilabeteetan hitzordu horri begira metroak saltzen izan dira, eta gaur edo bihar 2000. metrora iristea espero dute orain GEDko lagunek. Muga horretara iritsita euren helburua beteko duten arren, lanean jarraituko dute Gure Esku Dagokoek datozen egunotan. Ohitura duten legez metroak, kamisetak eta errifak saltzeko mahaia jarriko dute kalean. Eguenean, Landaluze harategi eta Iturriotz taberna arteko plazatxoan izango dira 19.00tatik aurrera; eta aipatu, biharkoa izango dela Gure Esku Dagoren kamisetak erosteko azkeneko eguna. Eguakotxean berriz Portaloira joango dira.