Arrasaten, maiatzaren 15ean egin zuen kooperatibak urteko batzar orokorra, eta honela esan zien bazkideei Baltzategik: "Sektoreko beste enpresa batzuendako bezala, 2013aren bukaera eta 2014aren hasiera ez ziren gura adina onak izan, baina azken bi hilabeteotan izandako eskaera garrantzitsuei esker, gaur egun Europako makina-erreminta ekoizle garrantzitsuenetariko bat da gure enpresa".
Zenbait talde industrial handik, hazteko eta nazioarteratzeko euren estrategien barruan, Fagor Arrasate aukeratu dute eskaerak egiteko. Horrela egin dute AEBetan General Motorsek eta Electroluxek; Indian, Mahindrak; Txinan eta Mexikon, Haierrek; Ingalaterran, Jaguar Land Rover etxearen hornitzaile garrantzitsuek; eta Hego Ameriketan eta Europa erdialdean, munduko altzairu ekoizle handienetariko batek.
Proiektu horietan, Fagor Arrasateko lehen mailako teknologiak eta makina motak egin beharko ditu, tartean hainbat transfer motako prentsa (ohikoak eta FlexCell motakoak), altzairua eta aluminioa prozesatzeko servo blanking delako lerroak, txapa prozesatzeko lerroak, sendotasun handiko mozte-lerroak, try-out prentsa hidraulikoak eta composite-ak prozesatzeko instalazioak. Azken horiek iaz Fagor Arrasatek eta Onapresek bat egitearen ondorio dira.
Honakoa esan zuen Baltzategik: "Zalantzarik gabe, gure betiko bezeroek eta bezero berriek gure enpresarengan, gure produktuarekiko eta gure zerbitzuarekiko konfiantza izaten jarraitzen dute".
Aurreikuspen txarrak ez dira bete
Batzar nagusian, iazko memoria eta kontuak onartu zituzten bazkideek, eta baita aurtengo ekitaldirako kudeaketa plana ere. Orain hilabete batzuk egindako aurreikuspenen arabera, jarduera moteldu egingo zen, bezero diren sektoreek inbertitzeari utziko zietelako, baina Fagor Arrasatek jaso dituen eskaera berriek konfiantza sendotu dute.
2013ko ekitaldia 290 milioi euroko salmentekin eta 850 langile baino gehiagorekin bukatu zuen Fagor Arrasatek. Azken hiru hilabeteetan, hazi egin da.