Enplegua sustatzeko plana gauzatuko du Arrasateko Udalak aurten. Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du ekimenak eta gaur arratsaldean aurkeztu dute Inazio Azkarragaurizar alkateak, Martin Garitano Aldun Nagusiak eta Jon Peli Uriguen Berrikuntzarako Diputatuak.
Guztira 500.000 euro kudeatuko ditu Udalak lau ekimen zehatzetarako eta, Aldundiaren babesarekin, elkarlanean jardungo dute Udalak berak, enpresek eta Unibertsitateak. "Gipuzkoan herri ausartak eta egitasmo apartak" daudela nabarmendu du Garitanok; Arrasate eta enplegu plana bera horren eredu direla esanez. "Egitasmo xume baina handi" bezala deskribatu duen honetan, Martin Garitanok Foru Aldundiaren politika berriaren eredu dela nabarmendu du.
Planaren ekimen zehatzen deskribapena Inazio Azkarragaurizar alkateak egin du. Xehetasunak eman baino lehen, ostera, kooperatibismoaren eta ongi prestatutako langileen aldeko apustua berretsi du alkateak eta ez du aipatu barik laga Fagor Etxetresnen itxierak emandako "kolpe gogorra, bai ekonomikoki zein sozialki. "Esfortzu berezia" izan dela nabarmendu du Azkarragaurizarrek baina egitasmoa beste herri askorentzako eredugarri ere izan daitekeela planteatu du, "elkarlana oinarri" izan duelako.
Krisiaren aurka "formula magikorik ez" dagoela aurreratuz, xehetasunak eman ditu alkateak.
Kontratazio berriak
500.000 euroko diru poltsarekin, "langabeziak sortutako zailtasunei aurre egin" gura diete lanaren sustapenarekin eta kontratazioak bultzatuz. Hala, Udalak berak herriko 35 bat behargin kontratatuko ditu aurten, 6 hilabetez, jardun osora. Udalaren behar bereziak betetzeko kontratuak izango dira eta langabezia prestaziorik ez dutenak ala Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren jasotzaileak aurkeztu ahalko dira. Lanbide eta Diputazioaren finantziazioari Udalak 287.000 euro gehituko dizkio. Kontratazioekin jarraituta, herriko 50 langilez azpiko enpresei ere lagunduko zaie Udaletik. 100.000 euro bideratuko dira langabeak kontratatzen dituztenentzat.
Goi mailako tituludunei ere begira
Prestakuntzaren garrantzia balioetsita, beste bi lan ildo ere aurkeztu dituzte Udalak eta Foru Aldundiak. Lehena, eta entzutetsuena, aurten lehen aldiz egingo den Lanbai enplegu azoka izango da. Ekainaren 19an MUren Arrasateko campusean 49 enpresak standa ipiniko dute hautagaiak bilatzeko. Aste horretan bertan, ekainaren 16tik 18ra bitartean, enpresek hitzaldiak eta tailerrak eskainiko dituzte Kulturaten. Honekin lotuta, laugarren lan-ildo baten, goi-tituludun berrientzako beka programa abiatuko da azkenik. Tituludun berriei esperientzia kualifikatua eskuratzeko bidea erraztu gura da ekimen honen bitartez. Udalak herriko enpresekin batera dihardu hori lantzen eta 50.000 euro dedikatuko ditu.