73-69 irabazita, bihar finala jokatuko dute arrasatearrek

Jagoba Domingo 2014ko mai. 24a, 20:29

Azken aldian Iturripek izan duen itxura onenarekin jaso ditu gaur MUko mutilak, eta asko sufritu ostean, EBA mailatik urrats bat gertuago daude zuri-moreak. Norgehiagoka amaitzeko bi minutu faltan markagailuan atzetik zeuden Larreategiren mutilek, baina Kintanaren hirukoak berriz ere aurretik jarri ditu eta defentsan estututa bihar finala jokatuko dute Azpeitiarren aurka, 12:00etan Iturripen. Azpeitiarren 70-64 irabazi dute bigarren finalaurrekoa.

Jendez gainezka egon da Iturripe, saskibaloi zaleek Ointxekoek egindako deialdiari ondo baino hobetu erantzun diote, eta amaiera zirraragarri zein arriskutsuan ezinbesteko laguntza helarazi diote taldeari. Amaitzeko bi minutu eta erdi geratzen zirenean puntu bakarreko aldea zuten arrasatekoek (64-63), baina erasoan akats bat egin ostean, Tabirako aurreratu da markagailuan; hil ala biziko momentua zen eta tentsio handiko momentuak bizi izan dira Iturripen.

Eraso eta defentsa nahasiak izan dira hurrengoak baina momentu beroenean, 42 segundoren faltan, bi puntu atzetik zihoazen etxekoak (66-68) eta Kintanaren (27 puntu) hirukoak aurretik jarri ditu Larreategirenak eta zutik ikusleak.

Partidu zaila aurreikusten zen eta horrela izan da. Norgehiagoka serio jokatu du taldeak, hala ere, markagailuan atzetik joan dira bigarren laurdeneko zazpigarren minutura arte. Talde guztiak gogor borrokatu du, baina aipatzekoa da Iker Barberok egin duen lana; 17 puntu, hamar errebote eta bi txapel egin ditu.

Lehenengo laurdena ez dute ondo hasi etxekoak, hala ere, ez dute esperantza galdu eta atsedenaldira markagailuan aurretik iritsi dira (39-37). Aldagelatik bueltan, bi taldeek argi utzi dute garaipena zela helburu bakarra eta gogor borrokatu dute biek.

Hirugarren laurdenean, hamar puntuko aldea lortu dute etxekoek, hala ere, defentsan falta asko adierazi dituzte epaileek eta Tabirako taldeko Larrañaga joko antolatzaileak ez ditu desprobetxatu jaurtiketa libreak; azken laurdenean dena zegoen erabakitzeko.

Neskei omenaldia

Partidua hasi aurretik, Alebin mailako neskei omenaldia egin diete, Gipuzkoako txapeldunak izan dira-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak