Aurrera jarraitzen du Europako hauteskundeetarako kanpainak. Pasa den egubakoitzean, Arrasateko Garibai kalean izan ziren PSE-EEkoak hauteskunde-liburuxkak eta arrosak banatzen. Gaurkoan ere bertan izan dira egubakoitzero egiten den azoka aprobetxatuz.
Orain dela aste bete hasi zituzten Europa Batasuneko alderdiek Europako hauteskundeetarako kanpaina elektorala. Espainiako Estatuan, maiatzaren 25ean egingo den bozkatzera begira, kanpaina egiten jarraitzen dute euskal alderdiek ere. Gaur goizean, PSEkoak hauteskunde-liburuxkak eta arrosak banatu dituzte Arrasaten.
Goizeko hamaiketan hasi dute ekitaldia Garibai kalean. Bertan izan dira Gipuzkoako PSEko Idazkari Nagusi Iñaki Arriola, Susana Corcuera eta Miguel Buen parlamentaria, eta Arrasateko Udaleko zinegotzi Paco Garcia arrosak eta liburuxkak banatzen.
Susana Corcuera Gipuzkoako PSEko Idazkari Instituzionala eta euskal parlamentariak, Europako hauteskundeen garrantzia nabarmendu du, eta maiatzaren 25erako helburu nagusia abstentzioak ez irabaztea dela esan du. Hala ere, herritarrak geroz eta gehiago arduratzen direla gaineratu du.