Aktion jardunaldiak goizeko bederatzietan hasiko dira, Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean. Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntza graduko ikasle talde batek antolatu du ekitaldia, Login Lan eta Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartearen laguntzarekin. Egungo gizartean balio kooperatiboek, motibazioak eta lidergoak duten garrantziaren inguruko hausnarketa egitea dute helburu, 9:00etatik 14:00etara bitartean. Zenbait hizlariren saioekin osatutako egitaraua aurkeztu dute, besteak beste, hurrengo ekintzaile gazteek hartuko dute parte: Axi Munian surflaria, Mikel Yerobi eskalatzailea, Igor Urien auto-gidaria eta Goiener Kooperatiba Elkartea. Horiek, haien esperientzia pertsonalak izango dituzte hizpide; saiatzeko gaitasuna eta oztopoak gainditzeko gogoaren inguruan arituko dira.
Eguneko bigarren ekintza arratsaldeko seietan izango da, Arrasateko Amaia Antzokian. Bertan egingo dute diploma banaketa, eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko ingeniari tekniko eta ingeniaritzako azken gradudunei zuzendutako ekitaldia izango da. Vicente Altxa Goi Eskola Politeknikoko zuzendaria eta Iosu Zabala Mondragon Unibertsitateko errektorea izango dira saioan, baita Sonia Ortubai Abantail kooperatibako gerentea ere; azken honek 'Bizipenak' izeneko hitzaldia eskainiko du.