Laboral Kutxak esan duenez, hiruhileko honetan, interes-tasak oso txikiak izan dira eta negozio-bolumenek behera egin dute, oro har. Horrek "nabarmen eragin" die irabaziei. Hala ere, testuinguru horretan, balantze orekatua du kreditu-erakundeak: 24.599 milioi euroko aktibo osoak, kapitalizazio-maila handia eta kreditu-zorroaren hornikuntza-maila onak lortu ditu.
Bezeroek gehiago aurreztu dute; horregatik, aurretik ere "lasaia" zuen likideziarekin jarraitu du Laboral Kutxak. Ondorioz, "indartsu" dago txikizkako merkatuan eta enpresetan inbertitzeko duen "grinari" erantzun ahal izateko.
Loan To Deposits ratioa, hau da, finantza-erakunde baten bezeroek kredituen eta gordailuen artean duten proportzioa, %106,4koa da (bertako bezeroek gordailuak baino %6,4 kreditu gehiago dituzte kontratatuta), eta txikizkako merkatuan diharduten sektoreko entitateen batez bestekoa %137koa da.
Eraginkortasunaren gainean, sarreren eta marjinen arteko ratioa hobetu du Laboral Kutxak, eta administrazio-gastuek marjina gordinaren %43,15 baino ez dute hartzen.
Arriskuak kudeatzen ona
Kalifikazio-agentziek arriskuen kudeaketa azpimarratu dute Laboral Kutxaren indar gisa. Horrela bada, berankortasun (morositate) tasa %9,83koa da Laboral Kutxarendako, sektoreko batez bestekoa baino txikiagoa (otsailean, %13,59 zen sektorearen ratioa). Hornidura eta saneamenduetarako probisionamenduetan 31,6 milioi ipini ditu Laboral Kutxak, baina estaldura-beharretan joera aldaketa antzematen du, aurreko ekitaldiko lehen hiruhilekoan baino %18,5 gutxiago ipini behar izan duelako.
Laboral Kutxak kudeatzen dituen baliabideen bolumena –norbanakoak, enpresak eta erakundeak hartuta- 17.325 milioi eurokoa da. Bezero partikularren saldoa %4,17 handitu da iazko epe beretik hona, eta 14.587 milioikoa da orain.
Hipoteka-kredituak, behera
Nabarmendu behar da interes-tasa txikiak direla nagusi sektore osoan. Hala ere, Laboral Kutxak errentagarritasun-maila "egokiari" eutsi dio, eta 97,8 milioiko interes-marjina eskuratu du. Horri komisioak, dibidenduak eta bestelako sarrera batzuk gehituta, 138,3 milioiko marjina gordina lortu du.
Bezeroei emandako kreditu osoa 15.889 milioi eurokoa da. Saldoak gutxitzeko joerak jarraitu egiten du, hala ere. Etxerako hipoteka-bermedun kredituen saldoa 10.560 milioi eurokoa da (2013aren itxieran, 10.675ekoa). Beraz, %1,09 txikitu da.