Europako Hauteskundeetarako bozkaketak Europar Batasuneko herrialdeetan egingo dituzte maiatzaren 22aren eta 25aren artean. Espainiar Estatuan, maiatzaren 25ean izango dute bozkatzeko aukera herritarrek. Gaur hasi da hauteskunde kanpaina eta alderdi guztiak hasi dira beraien programekin. Kanpaina maiatzaren 23an amaituko da.
Goizeko hamaiketan hasi dute Arrasaten ekitaldia sozialistek, Garibai kalean, egubakoitzero egiten den azokan. Gipuzkoako PSEko Idazkari Nagusia den Iñaki Arriola, Blanca Roncal euskal parlamentari sozialista, eta Arrasateko Udaleko zinegotziak diren Francisco Garcia Raya eta Aritz Arrieta egon dira, besteak beste, arrosak eta liburuxkak banatzen.
Iñaki Arriola sozialista eibartarrak Europako hauteskundeen garrantzia nabarmendu du. Izan ere, Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiaren esanetan, "Europan hartzen dira erabaki garrantzitsuenak, eta gobernuek ez daukate autonomiarik beraien politika aurrera eramateko". Hori dela eta, Europako eskuinari irabazteko nahia eta beharra azaldu du Iñaki Arriolak.