Antolatzaileek 12 urtetik gorako emakume guztiei luzatu diete gonbidapena eta espero dutenez, Euskal Herri osoko emakumeak etorriko dira.
Aurtengoa lasterketaren seigarren edizioa izango da; aurreko bost urteetan Martxoaren 8aren bueltan antolatu izan da, baina aurten atzeratzea erabaki zuten, besteak beste, Donostiako Lilatoia martxoaren 9an egin zelako.
Jendetsuagoa izatea espero da
Takarraran lasterketarekin emakumezkoen kirol praktika eremu publikora atera nahi dute: "Aukera eman gura diegu bai lehiatu gura dutenendako eta baita lagunartean goiz pasa ederra egin gura dutenendako ere. Gizarteari buelta ematen dioten eredu berriak islatu nahi ditugu: ama korrika, izeba korrika, alaba korrika, arreba korrika…", diote antolatzaileek.
Esandako moduan, lasterketa 12:00etan irtengo da Portaloitik eta alde zaharreko kaleetan zehar 3,5 kilometroko zirkuitua egin ostean, Portaloian bertan bukatuko da. Parte hartzaile guztiei kamiseta bat emango zaie doan. Apirilaren 10a ezkero egon da aukera izena emateko, baina bihar bertan ere eman ahalko da, 11:30era arte. Beraz, bihar arte ez dago jakiterik zenbatek hartuko duten parte. Hala ere, internet bidez izena emateko aukera egon denez –www.herrikrossa.com helbidean–, antolatzaileek lasterketa jendetsua izatea espero dute.
Askotariko sariak
Honako sariak banatuko dira lasterketaren amaieran: podiumeko hiru sari, korrikalari gazteenari, korrikalari helduenari eta Takarraran egitera emakume korrikalari gehien ekartzen duen taldeari. Izan ere, koadrilan parte hartzeko aukera egongo da.