Manu Gomez: "Film laburren merkatu handiena da Cannes, eta hantxe izango gara"

Leire Kortabarria 2014ko mai. 11a, 00:00
Manu Gomez zinegilea.
Pozik dago Manu Gomez zinegile arrasatearra 'Das Kind' film laburra izaten dabilen arrakastarekin. Maiatzaren 14tik 25era, Cannesko Zinemaldian izango da bere filma.

Cannesen izango da Das Kind, ezta?
Bai. Short Film Corner (film laburren txokoa) izeneko sailean izango da. Munduko film laburren merkatu onena da, eta 800 halako film izaten dira bertan. Nire filmaren gaineko stand bat egongo da eta mundu osoko ekoizleek ikusteko aukera izango dute. Hantxe aurkitzen dute ekoizleek interesatzen zaizkien film asko.

Zeu ere han izango zara?
Nire ekoizleak bai, aste osoan izango dira, eta neu film luze baten lanean hasiko naiz astelehenean Madrilen, beraz, ahal badut bai, egongo naiz Cannesen.

Arrakasta polita izaten dabil Das Kind
Hala da, arrakasta handia. Atzo [astelehena] jakin genuen beste hiru zinemalditarako aukeratu dutela; dagoeneko 26 zinemaldi edo lehiaketarako aukeratu dute. Sei sari irabazi ditu, horietako batzuk nazioartekoak. Eta oraindik ibilbidea gelditzen zaio; izan ere, film laburrek pare bat urte irauten dute zirkuituan eta nireak ekainean urte bete egingo du. Oso emaitza garrantzitsuak lortu ditugu orain arte.

Labur honen filmaketa ezohikoa izan da: alemanez filmatu duzu, nazioarteko aktoreekin… Konta egiguzu!
Bai; Madrilen filmatu nuen, baina aktore protagonista New Yorkekoa da, beste aktore bat Suitzan bizi den galiziarra da, eta hirugarren bat, Bartzelonakoa. Eta dena alemanez izan zen; nik neuk ez dut alemanez hitzik ere egiten, baina aktore guztiek menderatzen dute hizkuntza hori eta hala egin genuen; izan ere, XIX. mendeko Austrian dago girotuta. Baina, alemanez filmatu arren, gero bikoiztu egin behar izan nuen, aktore bakoitzak bere modura egiten zuelako eta epaimahaietan egon daitekeelako epaile alemanen bat, entzuterakoan bitxia edo arraroa egingo litzaiokeena. Munichen eta Hanburgon bikoiztu genuen. Neuk gidoia nekien buruz.

Ze laguntza izan zenuen Das Kind egiteko?
Madrilen zine-irakasle naiz eta eginda neukan gidoia lantzeko iniziatiba sortu zen; izan ere, oso inpresio ona egin zuen gidoiak. Lankide izan ditut departamentuko buruak: Angel Amoros argazki-zuzendaria izan da, eta Pablo Martin, arte-zuzendaria. Norberak ikasle batzuen laguntza izan du, baina oso filmaketa profesionala izan da.

Bergaran egin zen emanaldi bat. Arrasaten, noizko?
Eskaeraren bat jasoko banu oso pozik erakutsiko nuke Arrasaten ere, baina ez dago nire esku. Bergaran eman nuenean oso harrera ona izan zuen eta jendeak galdetzen dit ea Arrasaten noiz emango dudan, eta ni oso pozik egongo nintzateke aukera hori izango balitz.

Beste film bat egiten hasi zarela esan duzu. Zertan da?
Bai; To kill time izeneko film luzea da eta zuzendariaren laguntzailea izango naiz bertan; Antonio Hernandezek zuzentzen du. Das Kind-eko protagonista Ben Templek egingo du bertan lan, eta nire lehengusu Jon Gonzalez eta Aitor Lunak ere bai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak