Festak laburragoak izango direla da aurtengo aldaketa aipagarriena, baina ez da kasualitatea erabaki hori hartu izana: "Iaz egitaraua hainbat egunetakoa izan zen, baina jaiak ez ziren oso arrakastatsuak izan. Horregatik aurten erabaki dugu egun gutxiagoko festak antolatzea, eta biziagoak izan daitezela", adierazi du San Andres auzoko alkate Jon Barriocanalek. Gainera, aurten Aste Santuko oporrak eta Maiatzaren Leheneko zubia oso gertu egotean, apiril hasieratik lotuta utzi behar izan dute egitaraua.
Nobedaderik ez da faltako
Aurten rock kontzertuaren aldeko apustua egin dute, "talde on bat" ekartzeko apustua. Extremadurako Sinkope taldea izango da gonbidatua; gaur joko dute, Gudarien plazan (23:00): "Talde horrekin plaza betetzea espero dugu, ea lortzen dugun", dio Barriocanalek.
Jai egitarauko nobedadeei dagokienez, bi ekintza nabarmendu ditu auzo alkateak. Bata, gaurko parrandaren ostean goizeko seietan salda eta sagardo erara egindako txistorrak banatuko direla Kurtzetxiki plazan. Nabarmendu beharreko beste nobedadea da elektro-txaranga batek girotuko duela biharko poteoa: "Iaz saiatu ginen ekartzen, baina berandu ibili ginen. Aurten badatoz eta ziur giro ederra jarriko dutela".
Parte hartzeko deia
Azken urteetan behera egin dutela-eta, Barriocanalek dei egin die auzotarrei zubian kanpora joaten ez badira behintzat jaietan parte har dezaten: "Orain dela ez asko Zigarrolako jaiekin batera San Andreskoak ziren festarik onenak". Ez dirudi eguraldiak lagunduko duenik, baina ekintza aldetik behintzat ez dago aitzakiarik.
Egitaraua
Apirilak 30, eguaztena
16:30 Jaiei hasiera emateko suziri jaurtiketa.
17:00 Haur eta gazteendako tailerrak eta ekintzak.
18:30 Txokolate-jana.
19:30 Buruhandiak.
19:30 Batukadarekin poteo herrikoia.
23:00 Sinkope taldearen kontzertua Gudarien plazan.
06:00 Salda eta sagardo erara egindako txistorra Kurtzetxiki plazan.
Maiatzak 1, eguena
12:00 Erraldoiak eta gaita jotzaileak. Puzgarriak Gudarien plazan.
12:00 Meza nagusia.
12:30 Poteoa Motxaila Band elektro-txarangarekin.
14:30 Herri bazkaria Gudarien plazan.
14:30 80 urtetik gorakoendako bazkaria Corazon de Encina elkartean.
17:00 Puzgarriak Gudarien plazan.
19:30 Buruhandiak.
19:30 Lili eta Lalo ipuin kontalari magikoen emanaldia Gudarien plazan.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!