Bertso saioa Josu Uribetxebarriari elkartasuna erakusteko

Jagoba Domingo 2014ko api. 25a, 18:09

Josu Uribetxebarria presoari elkartasun eta laguntasuna erakutsi, eta bizi duen egoera salatzeko, bertso saioa egin zuten atzo arratsaldean Arrasaten, Uribetxebarriaren etxe parean. Balkoian zegoela, Miren Amuriza, Jokin Labaien, Ane Zuazubizkar eta Maider Arregiren bertsoez gozatzeko aukera izan zuen Arrasateko preso politikoak. Hala ere, hainbat oztopo eta ezusteri aurre egin behar izan zieten bertsolari eta ikusleek.

Hasteko, euria tarteko, lekuz aldatu behar izan zuten bertso saioa; Mitarte kaletik, Uribetxebarriaren balkoi pareko aterpera hain zuzen, Arrasate pasealekuan. Egoera ez zen ohikoena; hala ere, helburua zein zen argi izanda, ikusle eta bertsolariek barruan zuten onena emateari ekin zioten. Bertso saioan besteak beste; Euskal Herriko balkoiak, senideek espetxeetara egiten dituzten bidaiak edo Aste Santuko oporrak jorratu zituzten, eta ikusleek barre eta txalo artean lagundu zituzten Amuriza, Labaien, Zuazubizkar eta Arregi.

Saioak erdia jo zuenean baina, Ertzaintza patruilak agertu ziren Arrasate pasealekuan. Tentsio momentuak bizi izan ziren arren, bertsolariek aurrera egin zuten eta saioarekin jarraitu zuten. Zalantza barik, bertso saio berezi eta ezohikoa izan zen atzokoa.

Bertso saioaren amaiera herritar askoren animuak jaso zituen preso politikoak. Horrez gain, Jabi Uribetxebarriak, Arrasate eta arrasatearren laguntza eskertu nahi izan zuen. Aurrerantzean ere, hainbat ekintza egiteko asmoa dutela esan zuen, hala ere oraindik zehazteko daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak