Gazteendako programazio kultural alternatiboa eskaini eta gazteengandik sortutako proposamen kulturalei laguntzea helburu duen Gaztemaniak! egitasmoak 20 urte bete ditu aurten. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako udalen arteko proiektu partekatua izateko sortu zen, udalek gazteentzako kulturaren arloan egiten dituzten jarduerak bultzatzeko.
Bihar, aurtengo egitasmoa hasteko, Joana Serrat kantariaren emanaldia izango da Zarauzko Modelo Aretoan eta aurretik Mor More euskal hirukoteak jardungo du (22:00).
Folka eta rock amerikarra
Joana Serrat Vic-eko (Bartzelona) abeslari eta musikagilea da, eta gaztetatik gustuko du folk musika eta erro amerikarrak dituen rocka. 2008an Liffey diskoa argitaratu zuen J.S.T akronimoarekin eta akronimo horren atzean, bigarren disko bat argitaratu zuen, The Sofa Dreams taldearekin.
Ondoren, The Relief Sessions album bikoitza autoargitaratu zuen, pop folka, 1990ko hamarkadako rock indiea, countrya eta jazz ukituak dituen doinuekin osatua, besteak beste. 2013ko udazkenaren hasieran Dear Great Canyon albuma argitaratu zuen, Bartzelonako eszenako musikari famatuek osatutako banda batekin batera.
Mor More hirukotea Izuak eta suak lehenengo diskoa aurkezten dabil otsailaz geroztik. Giro akustikoak lantzen dituen banda zarauztarra da, bi gitarra eta kaxa bat instrumentutzat hartuta, abesti akustiko bezain indartsuak jo eta abesten dituena.
Maiatzaren 9an Jonh Parish
Hurrengo kontzertua maiatzaren 9an izango da Hondarribiako Psilocybenean. Jonh Parish musikari ingelesak jardungo du orduan. Aurretik The Nortagirres taldea izango da.
Eta maiatzaren 31n, Rayden taldearen kontzertua izango da Donostiako Kontadoresen. Arrasatera, ostera, ekainean iritsiko da Gaztemaniak!.
20 urteko ibilbidea
Musika ardatz duen programak 20 eta 30 urte bitarteko entzuleei musika programazioa eskaintzea da, oinarritzat hartuta proposamen minoritarioak, ausartak, desberdinak eta halako izaera esperimental bat dutenak. Hortaz, ospetsuak izan arren programazio komertzialetik kanpo geratzen diren musika taldeak zuzenean, formatu txiki zein ertainean, entzuteko aukera eskaini nahi izan diete gazteei.
Aldi berean, Gipuzkoako gazteez osatutako taldeak ere kontzertu horietan “teloneroaurreko artista” moduan aritzeko aukera eman da, talde horiek sustatzeko asmoarekin.
Gaztemaniak! programatik 200 talde baino gehiago pasatu dira 20 urtean, eta horien artean azpimarratzekoak dira nazioartean punta puntakoak diren taldeen emanaldiak: Stereolab, Eels, Hefner... bestalde, kontzertuetako ikusle kopurua, bataz beste, 220 pertsonakoa izan da. Iaz, esaterako, 10 kontzertu programatu ziren lau udalerritan (Arrasate, Donostia, Hondarribia eta Zarautz).