Hassana Aalia ekintzaile sahararrak hitzaldia egingo du Arrasaten

Monika Belastegi Aranzabal 2014ko api. 24a, 08:24

Hassana Aalia gaztea.
Saharar herriarekiko sentsibilizazio jardunaldiak egongo dira maiatzaren 10ean Arrasateko gaztetxean. Arrasateko gaztetxeak, Askapenak, Nubi elkarteak eta Munduak ikusten ez duena antzerki taldeak antolatu dute. Zenbait ekintza egongo dira, besteak beste, Euskal Herrian bizi den Hassana Aalia ekintzaile sahararrak, Marokon bizi osoko kartzela zigorra jaso duenak, egingo duen hitzaldia.

18:00etan hasi eta 21:00ak arte izango dira jardunaldiak, Arrasateko gaztetxean eta aurkezpenaren ostean etorriko da Hassana Aaliaren hitzaldia.

Bizi osoko kartzela zigorra

Hassana Aalia ekintzaile sahararrak Euskal Herrian izan zuen bizi osoko zigorraren berri. 2010ean Gdeim Izikeko kanpamentuko protesta baketsuan parte hartzeagatik ezarri zioten zigor hori, beste zazpi ekintzailerekin batera eta Marokok estradizioa noiz eskatuko zain dago sahararra.

Zigorak harritu egin zuen Aalia delitu berarengatik epaitu eta aske utzi baitzuten lehenago. “Ez nekien bizi osoko kartzela zigorrak zer esan nahi zuen ere. Abokatuek uste zuten ezinezkoa zela delitu berarengatik berriz epaitzea eta, gainera, ni bertan egon gabe”, esan zuen.

Bere ustez epaiketa politikoa izan zen: “Kondena hauen helburua sahararren artean beldurra zabaltzea da. Hala ere, emaitza justu kontrakoa izan da, manifestazio gehiago egiten ari dira orain eta gure askatasun irrika hazi egin da. Ez gaituzte isilduko”.

Atxilotuta eduki zutenean gorriak pasa zituela ere azaldu zuen orduan egindako elkarrizketa baten: “Torturatu egin ninduten. Odolez betetako gela batean egon nintzen, jendarme marokoarrek esan zidaten nire adiskideen odola zela”.

Epaiaren ondoren Saharara itzultzeko aukerarik ez daukala ikusirik eta estradizio arriskua eduki arren, borrokan jarraitzeko asmoa daukala ere adierazi du: “Presoen senideek eskatu didate hemen geratzeko beraien alde borrokan eta horixe egingo dut”.

Ikuskizun gehiago egongo dira

Gazte sahararraren berbaldiaz gain, ekitaldi gehiago egongo dira: Ishab antzerkia, poesia emanaldia, Yslem basamortuko semearen kontzertua, La Omegaren eskutik rap emanaldia eta saharako janaria dastatzeko aukera ere egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak