Urtero bezala Pazkoko igandean Aberri Eguna ospatzen da Euskal Herrian. Iruñean eta Bilbon izango dira ekitaldi nagusiak. Alde batetik, PNVkoak 11:30etan hasiko dute ospakizuna Bilboko Plaza Berrian. Ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakaria, Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko presidentea, Izaskun Bilbao Europako hauteskundeetarako hautagai nagusia eta Jean Telletxea egongo dira. Manifestaldiaren ondoren, herri bazkaria egingo dute Arenalean eta jaiari amaiera emateko Joselu anaiak ikusteko aukera egongo da.
Beste aldetik, Iruñean; Sortu, EA, Aralar, Alternatiba eta Abertzaleen Batasunak 12:00etan hasiko dute ospakizuna. Dena den, atzo bertan hasi ziren Aberri Eguna ospatzen. Izan ere, Larresoron (Lapurdi) elkartu ziren alderdietako jarraitzaile eta militanteak. Gaur, Golem zinema aretoetatik, Sarasate pasealekurainoko ibilbidea egingo dute Euskal Herrian erabaki. Zazpiak bat lelopean. Manifestaldien ondoren, beste hainbat ekitaldi ere egingo dituzte Anaitasuna kiroldegian herri bazkaria egin ondoren. Azkenik, Indefesta egingo dute Iruñeko alde zaharrean txaranga…ekin batera.