Gaur, egubakoitz santua, goizean goizetik hasi dira sinestunak ekintzekin. Gurutze-bidea izan da eguneko lehen ekintza eta Portaloitik Santa Barbara parkerainoko bidea egin dute. Bidea egitera jende multzo handia bertaratu da, 200 pertsona inguru gutxi gora-behera.
Goizeko 08:00etan Portaloitik abiatu behar ziren eliztarrak, baina megafonoarekin arazo batzuk izanagatik, beranduago atera dira bertatik. Eguraldi onak lagunduta, poliki-poliki abiatu dira, ohitura zaharrari eusteko helburuarekin. Eliztar batzuen esanetan: "Aspaldiko ohitura dela-eta gatoz gu urtero ona. Lehen, Bedoñako harrobi ingururaino joaten ginen eta askoz jende gehiago izaten zen, banda eta guzti".
Ekitaldi gehiago ere egongo dira egunean zehar. Uribarri eta Santa Teresako eliztarrek ere euren Gurutze-bidea ospatuko dute, baina hauek 11:00etan. Ordu berean, elkarteko aitortzak hasiko dira San Juan Bataiatzailean. Arratsaldean, berriz, Jesusen Nekealdia eta Heriotza ekarriko dute gogora: 18:00etan San Juan Bataiatzailean, Konzepzionisten Monasterioan 17:00etan, eta 19:00etan San Andres eta Santa Teresan.
Zapatuan aldiz, elizak ez du ezer ospatuko, Jesus hilobian dagoelako. Zapatu gauean kanpaiak joko dira Jesus berpiztu dela ospatzeko. Hau hala, su santua egingo da.