San Josepe kalea berriro urbanizatzeko proiektuaren zehaztasunak eman ditu Arrasateko Udalak. Proiektua bost fasetan zehar eramango da aurrera, hain zuzen ere, "auzokideengan izan dezakeen eragina murrizteko eta Udalak obra zatika finantzatzeko", diote Udaletik.
Lehenengoa udazkenean
Lehenengo fasea udazkenean hastea gura du Udalak eta lanak egiteko 661.593,10 euro bideratu ditu horretarako. Hain zuzen ere, San Josepe eta San Andres kaleak elkartzen diren puntutik San Josepeko etxebizitzen parerainoko guneari eragingo dio. San Josepe kalearen hasieran espaloi berri at egingo dute, eskailerak irisgarritasun irizpideetara egokitu eta errepidea zabalduko dute apur bat.
Baina gainera, aurkeztutako proiektuaren arabera, biribilgune bat eraiki gura dute San Josepe goiko aldean, "autobusek eta hodakinen bilketarako kamioiek arazo barik buelta eman dezaten".
Irisgarritasuna eta berdeguneak
Bigarren fasean berdegune bat egokituko da San Josepe eta San Andres artean, eta gainera, oztopo arkitektonikorik gabeko lotura egingo dute, baita haur parketa egokitu ere, edadetuek ariketa egin dezaten gunea ipiniz.
Hirugarrenak, ostera, San Josepe kalea bera hau da, etxeen aurreko gunea hartzen du bere baitan eta aparkaleku ordenazioa eta espaloien zabalera hobetu gura du Udalak.
Laugarren fasearen bidez, umezaintza inguruan berdegune bat egitea da asmoa, eta euste-hormak ere berrituko dituzte, hala behar izanez gero.
Azken fasea, bosgarrena, Etxaluze inguruan gauzatuko da eta bertan, espaloiak irisgarritasun baldintzetara egokituko dituzte, espaloi zabalagoak eginez, esate baterako.